DARWIN ETA GU

Zeru-saltzaileak

Jose Mari Pastor -

2019ko urtarrilak 19
Infanta kaleko Infanta zineman Bahiketa Habanan dokumentala ematen dute: 1958ko otsailaren 23ko gauean Juan Manuel Fangio pilotu argentinarra bahitu zuen, 27 orduz, Uztailaren 26ko Mugimenduak. Fidel Castroren erakunde politiko militarra Batistaren kontra ari zen, eta Kubako Sari Nagusiaren bezperan burututako ekintza propaganda kolpe ederra izan zen iraultzaileentzat.

Aretoko karteldegiari begira nagoela, gizon bat hurbildu zait, eta orri bat eman. Kristau etxea, Jauna eta antzeko hitzak irakurri ditut paperean. Harengana joan naiz azkar, eta itzuli egin diot, hark alde egin aurretik. «Ez duzu nahi?», galdetu dit, harrituta. «Ez». «Zergatik?», segitu du morroiak, asaldatuta. «Hargatik», erantzun diot, oraingoan modu zakarrean, nik ere. Eta hor utzi dut, marmarrean.

Oldartu zait zeru-saltzailea. Ez du ulertzen ez dudala bere zerua erosi nahi; ez dudala zeru horretan sinesten. Maite dut ortzia, udako arratsen laztan epeletan, baita negu mineko ekaitzetan ere. Maite ditut zeru horiek: gardenak, edo hodeiz zipriztinduak, itxuraz abiadura geldo baina etengabean doazenak. Unibertsoaren misterioa. Batzuetan, Monet-en ukitu bizigarriak antzematen dizkiet; bestetan, Van Gogh-en zertzelada zirimolatsuak, gure barrenen bidezidor ilunkaren irudi. Oso beltzak direnean, Munch-en mina eta heriotza pultsioa, haren oihu lazgarria. Maite ditut zeru horiek, baina ez dut deus espero handik. Ez naiz zeru horietara joango. Ni lurrean jaio, lurrean bizi eta lurrean geratuko naiz.

Haserre joan da zeru-saltzailea. Zergatik erantzun diot horrela? Ebanjelikoa dela pentsatu dudalako. Ameriketan olioa legez hedatzen ari dira fededun ebanjeliko eskuindar horiek. Brasilen 42 milioi daude, herritarren %22. Haien botoek berebiziko garrantzia izan dute Bolsonaro faxistak garaipena lortzeko. Familia eta betiko ordena: neskatoak, arrosaz; mutikoak, urdinez. Horixe iradoki du Damares Alves andreak, Familia ministroak. Hura ere ebanjelikoa da.

Normalean, inoiz ez diet muzin egiten esku-paperei. Publizitatea dira eta kontsumora bultzatzen gaituzte, bai. Hala ere, pentsatu nahi dut paper horiek banatzen dituzten lagunak lanean ari direla, beste biderik ez dutela sosak irabazteko. Atariko atea irekitzen diet etxeko txirrina jotzen duten bakoitzean, gero buzoia bete-bete eginda ikusi eta madarikatzen ditudan arren. Dena den, pertsona horiek ez dute salbaziorako zerua saltzen.

Egun batean etxeko atera etorri zitzaidan orkatiletarainoko gonak zeramatzan emakume zurbil zurrun parea. Haien fedea saldu nahi zidaten, temati. «Nola? Ez duzu salbatu nahi?». «Salbatu? Norengandik? Ez, ez dut salbatu nahi»; «orduan, infernura joan nahi duzu?»; «bai, infernura joan nahi dut. Eman bakea». Behin, beste era bateko zeru-saltzaileak baztertu nituen. Politikariak ziren. Hauteskunde kanpainan arrosak banatzen ziharduten, eta ez nien oparia hartu. Ez nuen lore gorririk nahi odolez zikindutako eskuetatik. Zerua. Ezkerrak ere erosi du haren iruditeria. Eta saldu egiten digu. Batzuk zeruak hartzen hasten dira, eta azkenean txalet ederra eraikitzen dute Galapagar aldean, jauregia lurrean izateko, badaezpada ere. Noiz konturako gara lurra dela gure zeru inperfektua?

Santa Maria aldeko hondartzaren hegian neska mulato bat dago, zutik, oinak uretan. Seme txikia atzean utzi du, harean. Eskuan bi orri zuri ditu, gutun baten modukoak. Haren ondotik pasatu, eta ahapeka irakurtzen ari dela konturatu naiz. Amaitu duenean, uretara bota ditu bi paperak. «Amodio gutuna zen?», galdetu diot, ausart baina gizabidetsu. «Bai», erantzun du. «Baina amodio gutunak ez dira itsasora botatzen», esan diot, nire ezjakinean. «Nire amodioa Yemaya da. Itsasoaren jainkosa da. Urte hasieran nire asmoen berri ematen diot, lortzen lagun diezadan». Goiz honetako itsasoaren barea dario haren doinu eme goxoari. Eta betetasuna gogoari. Uhinak orriak eramaten hasi dira, eztiki. Urrunetara. Yemayaren itsasoko zeruetara.