andoni egana
HITZ ETZANAK

Izena

2018ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Propio galdezka ibili naiz inguruan. «Zer izen zuen?». Gehienek onartu didate, mihiaren puntaraino ekarri arren, ez direla gauza gogoratzeko. Eta ez dira hiru urte ere —irailaren 2an etorriko dira— Turkiako hondartza batean ahuspez etzanda ikusi genuela. Gure umeak bezalatsu jantzia zegoen: kirol oinetakoak, praka bakeroak eta nikia. Gure umeek siesta egiten duten jarrera berdintsuan zetzan, baina hilda. Haur siriar haren irudiak eragin egin zigun. Hedabideetan behin eta berriz azaldu zen eta guztiok ikasi genuen bere izena. Mila eta bat gau aski izan dira, ordea, ahanzteko.

Hedabideetan behin eta berriz azaltzen denak nekez utziko gaitu ez zerurako eta ez lurrerako. Garai batean Txileko meatzarien erreskatea izan zen ikusgai. Joan den bi asteotan leize zulo batean harrapatuak geratu diren Thailandiako gaztetxoena izan da. Etxekotu egiten dizkigute hedabideek, eta emozioz eta borondate onez segitzen ditugu eguneroko gorabeherak. Gero, segituan ahaztuko zaizkigu...

«Elian» erantzun dit batek. Hurbil baina oker. Elian «ume baltsero» kubatarra zen, eta joan dira ia hogei urte ordukotik. Aylan zen hondartzan zetzan haur siriarraren izena. Haren izena ahaztu dugu. Izenik ere gabe hondoratu diren milaka haurren izana ere bai segur aski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.