Durangoko airean bentzeno maila «kezkagarriak» atzeman dituzte

Usain txarrak ikertu ditu Tecnaliak, udalak eskatuta, eta ondorioztatu du balitekeela Iurretako industrialdetik iristea kutsadura

Iurretako paper fabrika, artxiboko irudi batean; herriotan kezka iturri izan da bertako kutsadura. JON HERNAEZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Durangon (Bizkaia) azken urteetan sumatu dituzten usain txarrak nondik datozen jakiteko, azterlan bat eskatu dio udalak Tecnaliari, eta ikerketa zentro horrek zenbait kutsagai atzeman ditu: bentzeno, tolueno eta estireno kantitate «kezkagarriak» izan dira Durangoko airean, udalak atzo jakinarazi zuenez. Ima Garrastatxu alkateak (EH Bildu) nabarmendu zuen bentzenoarekin daudela bereziki arduratuta, une batzuetan metro kubikoko 700 mikrogramo atzeman baitituzte: «Bentzeno maila oso altuak arnasten ari gara. Zabalgarbi errauste plantako kutsadura baino handiagoa da». Txostenaren arabera, baliteke gaion jatorria Iurretako industrialdea izatea; hartara, hango udalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin biltzeko asmoa agertu zuen Garrastatxuk.

2019ko urritik 2020ko martxora arte neurtu zuen Tecnaliak airearen kalitatea Durangon, eta, orduan hartutako laginekin, 172 konposatu organiko lurrunkor aztertu ditu. Tartean dira osasunean kalte handiak eragin ditzaketen hainbat gai. Izan ere, OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, bentzenoa luzaroan arnastea anemiarekin eta hainbat minbizirekin lotu izan da; toluenoa eta estirenoa ere hidrokarburo aromatikoak dira, eta zenbait arazo eragin ditzakete nerbio sistema zentralean.

Batik bat bentzeno kantitateekin agertu dira udal ordezkariak «harrituta eta kezkatuta». Urteko batezbestekoen bidez ezartzen dira bentzeno mugak: airearen kalitateari buruzko legediaren arabera, urteko batezbestekoa ezin da izan metro kubikoko bost mikrogramotik gorakoa; Durangon, 2019ko neurketek 0,58an jarri zuten batezbestekoa, baina une batzuetan metro kubikoko 700 mikrogramora heldu izanak ezinegona eragin du udalean. «Tecnaliako ikerlariek ez dute sekula halako balio handirik atzeman», adierazi du Garrastatxuk.

Kutsaduraren jatorria zehazteko azterketa gehiago egin beharko liratekeen arren, Tecnaliaren txostenak ondorioztatu du Durangoko mendebaldetik edo ipar-mendebaldetik datorrela: «Kutsatzaile motagatik, Iurretako industrialdeko prozesu industrialetan hainbat gai erretzean gerta daiteke». Hori dela eta, Durangoko Udalak ikerketaren emaitzak igorriko dizkie Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari eta Iurretako Udalari, eta bilera bana eskatuko die. «Elkarlanean aritzea lehentasunezkotzat» jo du alkateak, «guztioi eragiten eta kalte egiten digun arazo bati konponbidea emateko».

Hala ere, Garrastatxu kritiko mintzatu da aurreko udal gobernuez: «beste alde batera begiratzea» egotzi die, «ezer gutxi» egin zutelakoan herrian aspaldi dauden usain txarren inguruan. Bide horretan, Julian Rios alkateordeak erantsi du Jaurlaritzaren neurketen arabera airearen kalitatea ona zela: «Ikerketa honek arrazoia eman digu, bai guri, bai airearen kalitateagaz kezkatuta plataforma sortu zutenei».

Hain zuzen, Durangoko herritarrek azterlanean izandako partaidetza txalotu du udalak: herriko boluntarioek emandako 40 ohartarazpen erabili dituzte kutsaduraren laginak hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.