Lan baldintza txarrak bihurtu dira kezka nagusi, langabeziaren gainetik

Deustobarometroak batutako datuen arabera, jaiotza tasa baxua lan egonkor faltaren ondorio da

Iratxe Aristegi, Maria Silvestre eta Braulio Gomez, atzo, Deustobarometroaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE/FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2018ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
«Etsipena». Hitz bakarrean laburbildu du Maria Silvestre Deustobarometroaren arduradunak datuek ohartarazi dutena. Azken seihilekoaren txostena osatu du Deustuko Unibertsitateak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.005 herritarri galdeginda.

Lehenbiziko galderatik hasita nabari du «etsipena» Silvestrek: «Arazo nagusiak identifikatzeko orduan, lan merkatuaren baldintzetan aldaketa nabarmena da. Estreinakoz, langabezia ez da kezka nagusia. Lan baldintza txarrak ageri dira lehen postuan (%34), eta langabezia (%32) eta pentsioak (%24) ondoren». Iratxe Aristegi soziologoak ere ondorengo kezkak zerrendatu ditu. «Lan baldintza txarrekin batera, immigrazioa, etxebizitza eta segurtasunik eza ageri dira arazoen artean». Kezka horietatik abiatuta ehundu dute txostena unibertsitateko kideek, 11. aldiz.

Oro har, paradigma berri bat aurkeztu dute ikertzaileek oraingoan. Etorkizun beltza ikusten dute aurrean herritarrek. «Etsipena nabari da emaitzetan. Biztanleriaren zati handi batek uste du gauzak gaizki doazela, eta ez direla hobetuko», adierazi du Silvestrek. Ondorio horretara iristea bide, zenbait datu gako eman dituzte azterketaren arduradunek. Txostenaren aurkezpena atzo egin zuten, Deustuko Unibertsitatean.

Esaterako, datu orokor gisa,biztanleen %66k uste dute krisi ekomikoa gainditu gabe dagoela; %75ek datozen urteetan ere egoera bera espero dute. Are gehiago, erantzun hori estuki lotuta dago herritarrek euren seme-alaben etorkizunaren inguruan duten ikuskerarekin: gehienek uste dute euren seme-alabek ikasketa hobeak izango dituztela, baina, aldiz, baldintza ekonomiko askoz eskasagoak. Erantzun hori eman dute %47k. Baldintza ekonomiko eskasei lotuta, herritarren laurdenek murrizketak egin behar izan dituzte oinarrizko gastuetan. «Familien %22 eta %28 artean etxeko aurrekontua etengabe egokitzen ari dira; elikaduran, esaterako», azaldu du Silvestrek.

Horiek horrela, jaiotza tasa Europako baxuenen artean dago egun. Belaunaldien arteko oinordekotza bermatzeko gutxienekora ez da iristen datua: andre bakoitzak batez beste 1,3 ume ditu. Oinordekotza ziurtatzeko tasa minimoa 2koa da. Beste behin, «lan egonkor falta» argudiatu dute herritarrek motibotzat. Silvestrek prekaritatea kontzeptua nabarmendu du: «Prekaritatea finkatzen ari da. Jendartearen zati handi batek ezin ditu bere beharrizanak ase, lana izanda ere».

Umeen pobrezia

Haurren pobreziaren inguruan galdetu diete herritarrei aurrenekoz. %61ek arazo garrantzitsua dela deritzote, eta hamarretik bederatzik uste dute agenda politikoaren lehentasun gisa kokatu beharko litzatekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.