DARWIN ETA GU

Espainia eta San Valentin

Jose Mari Pastor -

2019ko otsailak 16
Espainia maite dezake euskaldun edo katalan independentista batek? Bai, iradoki zuen Oriol Junquerasek ostegunean, preso politiko katalanen aurkako epaiketan. Espainiari amodio deklarazioa egin zion ERCko buruak, San Valentin egunean. Espainiako kultura, hizkuntza eta abar izan ditzakezu gustukoak, baita maitatu ere, zenbaitetan. Hala ere, zaila da Espainiari osotasunean amodioa erakustea, Madrilek bere batasun santua eta izaera demokratiko berezia inposatu nahi dituenean. Oso lan gaitza da maitasun hori independentista baten ahoan ulertzea, kartzelan bahituta egon eta kutsu mistikoa izan arren. Espainia beste barik maite, San Valentin egunean besterik ez bada ere? Eta zergatik ez Papua-Ginea Berria? Azken batean, Port Moresby-k ez gaitu zapaltzen.

Nekez maitatuko duzu zeure herriaren askatasun oihua isilarazten duen nazio-estatua. «Konstituzioaren barruan dena, kanpoan ezer ez», diote eskuinak eta Pedro Sanchezek. Atzo bertan errepikatu zuen Espainiako presidenteak. Hitz egin? Zertarako? Lehen biolentzia zen aitzakia. Arnaldo Otegik hainbatetan esan du: orain hitz egiten uzten dizute, baina ez dizute uzten zeure proiektua gauzatu ahal izateko aukerarik. Jordi Turullek antzeko mezua helarazi zion Anna Gabriel erbesteratuari, kartzelatik Suitzara bidalitako gutunean: «Denari buruz hitz egitea posible da Espainian, baldin eta benetan ari ez bazara». Joseba Sarrionandiak biolentziaren aurkako diskurtsoaren gezurra salatu du bere azken liburuan: «Lehen esaten zuten biolentziarik gabe dena izango zela posible. Biolentziarekin, inposiblea zen dena. (…) Biolentziarik gabe dena posible dela, gezur hori bera ere apenas entzuten da ja».

Biolentzia, betiko aitzakia. Eta beti besteena. Besteen biolentziaren itzala handitzen dute nagusiek, haiena ezkutatzeko. Esaterako: Robespierrek eragindakoa aipatzen digute. La Terreur. Jean-Clement Martin historiagileak iaz Le Monde egunkariari eskainitako elkarrizketan adierazi zuenez, «gorrotagarria» izan zen, baina garai horietan beste sarraski batzuk izan ziren: 1798an altxatutako irlandarren kontra ingelesek eragindako errepresioa, adibidez. Martinek Biolentzia eta iraultza eta Izualdiaren oihartzunak liburuak argitaratu ditu, besteak beste.

Espainiaren eta Kataluniaren arteko krisiak agerian utzi du nazionalismo espainiarra, ostera ere. Berlinek Bavarian erreferendumik onartu ez izana aipatzen dute integrismo konstituzionalaren ordezkariek, Espainiaren jarrera defendatzeko. Benetan uste dute bavariarren erdiak independentistak balira eta herritarren % 80k bozkatzeko eskubidea aldarrikatuko balute, Alemaniak konponbide politikorik bilatuko ez lukeela, Municheko gobernua kartzelan sartzera heldu baino lehen? Espainiak nahi izanez gero, erraza izango litzateke irtenbidea. John Carlin kazetariak azaldu du El españolito cabreado artikuluan: «Alda ezazue doinua, aldatu moduak, ez jokatu zakur amorratuek legez, eta eman erreferendum bat katalan guztiei. Ikusiko duzue nola oraindik independentziaren kontrako botoa nagusitzen den. Eta hain basapiztiak ez bazarete, alde are handiagoz».

Ez dute egingo. XXI. mendean bizi dira, baina errege-erregina katolikoen garaiko lurralde mentalitatea dute. Erdi Aroko gurutzatuak dira, batasun sakratuaren fedea inposatzeko prest daudenak, odolez bada ere. Eskuindarrek Espainia «gorria» nahiago dute «apurtuta» baino. Eta ustez ezkertiarrak direnek Espainia urdina nahiago, «apurtuta» baino. Halakoekin ulergarria da Pepe Rubianes umorista galiziar-katalanak elkarrizketa batean erakutsitako amorru zakarra: «Que se metan a España en el puto culo, a ver si les explota dentro y les quedan los huevos colgando del campanario» («sartu dezatela Espainia ipurtzuloan, ea barruan lehertzen zaien eta barrabilak kanpandorrean zintzilik geratzen zaizkien»). Jende horren Espainiaren batasuna errespetatu? Jende horren Espainia maitatu? Bai, egon hadi beste San Valentin baten zain.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna