Miren Amuriza.
BIRA

Sendabidea

2018ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Ebolaren kontrako txertoa garatzeko baliagarri gerta daitezkeen antigorputz berezi batzuk aurkitu ditu ikertalde espainiar batek gaixotasuna gainditu zuten zenbait pazienterengan. Taktika beliko bat balitz bezala azaldu dute: birusa proteina geruza bat ezkututzat hartuta jazartzen zaie biktimaren zelulei, eta horren organismoa antigorputzak sortzen saiatzen da bere burua babesteko (gehienetan arrakastarik barik). Ordea, inbasioan aurreratu ahala, ezkutua erantzi beharra edukitzen ei du ebolak, eta proteina geruza zaurgarriago bat geratzen zaio agerian. Hain justu, tarte horretantxe hasiko lukete kontraerasoa arestian aipaturiko antigorputzek.

Atentzioa eman dit berriak (existitzen zenik ere gogoratzen ez nuen ezagunen batekin topez egin izan banu lez) baina, egia esanda, Wikipedian begiratu behar izan ditut epidemiari buruzkoak: 2013tik 2016ra Afrikako mendebaldean 11.000 hildakotik gora utzi zituela, eta beste. Akorduan daukat, hori bai, tarte hartan kutsatu ziren zenbait misiolari, kooperante, erizain europarren kasuek alarma guztiak piztu arazi zituztela gurean ere. Orduko beldurrari eskertuta egon behar ginatekeela diote orain ikerlariek, sendabide unibertsala topatu arazi dietela-eta; ahoa bete-betean mintzo dira aurkikuntzaren garrantziaz, zuri gutxi batzuk kutsatu izan ez balira bataila hark zenbat arduratuko zituen jakinik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.