Ion Orzaiz.
ANALISIA

Bukatu arte, badago partida

2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Bukatu da agerraldien fasea Nafarroako Euskararen Lege berri bat idazteko batzorde berezian. Fini. Kito. Horrek esan nahi du parlamentariek —lansaioetara joan direnek, behintzat— badutela esku artean euskarari estatus berri bat emanen dion lege bat ontzeko adina material. Jaso dituzte euskalgintzako ordezkarien ekarpenak —Kontseilua, Sortzen, Euskaltzaindia, Euskarabidea, udal teknikariak...— , sindikatuenak —Afapna ez beste guztienak—, eta zuzenbidean eta hizkuntzalaritzan aditu direnenak.

Ñabardurak ñabardura, euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatu eta egungo zonifikazioa erauztearen alde azaldu dira batzordetik igaro diren hizlari gehienak. Horrek ez du esan nahi, baina, prozesu erraza izanen denik: talde parlamentarioek euskararen lege berri bat adostea lortuko balute ere, arau horrek ezinen luke Nafarroaren banaketa administratiboa birrindu. Erregimen zaharrak blindatu egin zuen euskararen bazterketa, lurraldearen zonifikazioa Foru Hobekuntzaren lege organikoan txertatuta. Hortaz, zonifikazioa kentzeko, Espainiako Gorteen oniritzia beharko luke Nafarroak lehenbizi. Eta, gaur-gaurkoz, ezinezkoa dirudi horrek. Autogobernuaren gabeziak eta mugak, argitara berriz ere.

Alta, parlamentutik igaro diren adituek argi utzi dute: Foru Hobekuntza ukitu gabe ere alda daiteke euskararen legea, ofizialtasuna hedatze aldera. Finean, Nafarroak ezin du zatiketa administratiboa kendu, baina erabaki dezake mugak non jarri. Zeri esaten zaion «eremu euskalduna», eta zeri ez. Eta, batez ere, zer estatus aitortzen zaion euskarari eremu bakoitzean. Heldulekuak egon badaude, beraz. Beharrezkoak izanen dira ingeniaritza politikoa eta borondatea. Azken hori, batez ere.

Euskararen lege berri batek badu beste faktorerik kontra, hala ere. Denbora da horietako bat. Legealdiaren amaieran, inork espero ez zuen unean heldu zen euskararen batzorde parlamentarioaren eraketa, karanbola hutsez —UPNko legebiltzarkide baten ustekabeko absentziagatik—, eta horrek erritmo propioa ezartzeko aukera ebatsi dio laukoari. Halabeharrez, hauteskundeen bezperan helduko da batzordearen emaitza, eta horrek eragin zuzena izanen du alderdien jarreretan. Dagoeneko igar daitezke mugimendu taktiko batzuk.

Geroa Baiko ordezkari batzuek, esaterako, ukendua jarri dute zauria egin aurretik: «Gure koalizioaren borondatea da euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea, baina, horretarako, ezinbestekoak dira gehiengoak», esan zuen Koldo Martinez eledunak, irailean. Batetik, PSN euskararen aldeko kontsentsura batu nahi du Geroa Baik; bestetik, Ezkerraren ezezko bati aurrea hartu. Ezaguna da Ezkerrak legealdi honetan euskarari lotutako auzietan hartu duen jarrera oztopatzailea —askotan, oposizioarekin lerratzeraino—, baina, euskararen ofizialtasunari dagokionez, ez du kontrakotasun espliziturik agertu. Are: aukera horren nondik norakoak eta eragina aztertzeko prest azaldu da hedabideen aurrean. Hortaz, prozesuaren bukaeran, euskararen lege berri baten kontra egiten badu, ongi azaldu beharko du erabaki horren zergatia.

Hauteskundeen aurreko giro nahasi horretan, erabakigarria izan daiteke Kontseiluak larunbat honetarako antolatu duen manifestazioa, hainbat arrazoirengatik: batetik, kaleko presioa oso eraginkorra delako agenda politikoa ezartzeko eta administrazioen erabakiak alde batera zein bestera mugiarazteko garaian; eta, bestetik, eskuinari kenduko diolako mobilizazioaren eta kaleko protestaren monopolioa, euskararen gisako eztabaidagai garrantzitsu batean. Afapna, CCOO eta UGT euskara eskakizunen kontra kalera atera diren honetan, eta oposizioak osoko bilkura eta batzorde guztietara «euskararen inposizioa» eramaten duen honetan, ezinbestekoa izanen da eztabaidaren parametroak hizkuntza eskubideen ardatzaren inguruan kokatzea. Hori izanen da larunbateko manifestazioaren xedea: joko eremua zein den argitzea. Euskarak horrela bakarrik irabaziko du partida. Aukera badago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.