Erdoganek baztertu egin ditu AEBen Siriarako eskaerak

Turkiako presidenteak ez dio harrerarik egin John Bolton Trumpen aholkulariari. Manbijen patruilatzeak hasi ditu Errusiak
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea, Ankaran, atzo, AKP alderdiaren ekitaldi batean.
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea, Ankaran, atzo, AKP alderdiaren ekitaldi batean. STR / EFE

Mikel Rodriguez -

2019ko urtarrilak 9
Donald Trumpek duela hiru aste irmo eta ziur adierazi zuen AEBetako tropak Siriatik erretiratuko zirela eta erretiratze hori berehalakoa izanen zela. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea adoretu zuen horrek, gogortu egin baitzituen Siriako kurduen aurkako mehatxuak, behin horiek AEBen babes militarra galduta haien lurraldea inbaditzeko trabarik izanen ez duela iritzita. Azken egunotan, ordea, Trump eta haren gobernuko kideak hasierako mezu irmoa moldatzen saiatu dira; bertzeak bertze, erran dute Turkiarekin negoziatuko dutela kurduek «sarraskirik» ez pairatzeko irtenbideren bat. Trumpek Ankarara bidali du John Bolton segurtasun nazionaleko aholkularia, baina Erdoganek egindako plantoa erabatekoa izan da: «Ezin dugu gibelera egin. Terrorezko korridore horrekin [Siriako kurduen milizien kontrolpeko eremuarekin] zerikusia dutenek beharrezko zigorra jasoko dute».

Boltonek igandean hasi zuen Ekialde Hurbilerako bidaia, Israelen. Han, adierazi zuen AEBek ez dituztela tropak erretiratuko Turkiak «bermatu arte» ez diela erasoko Siriako kurduei. Erdoganen haserrea erabatekoa izan da, eta ez du ahaleginik egin arlo diplomatikoan ohikoak diren itxurak gordetzeko ere: atzo uko egin zion Boltonekin elkartzeari —Ibrahim Kalin bozeramailea bidali zuen—, eta ekitaldi politiko batean zuzenean kritikatu zuen AEBetako presidentearen aholkularia. «Ezin dugu onartu Boltonek Israelen eman zuen mezua, ezinezkoa da hori irenstea. Haiek [AEBek] ez dakite nortzuk diren nire herritar kurduak, eta ez dakite nortzuk diren YPG eta PKK», adierazi zuen AKP Justizia eta Garapena Alderdiak parlamentuan egin duen ekitaldi batean.

PKK Kurdistango Langileen Alderdia Turkiako kurduen burujabetzaren eta eskubideen alde borroka armatuan ari da 1984az geroztik, eta haren aliatu YPG Herriaren Babes Unitateak, berriz, Siriako gerran sortu ziren (2011tik aitzinera), mugaren alde horretako kurduen lurraldearen kontrola bermatu eta muturreko talde islamista sunitetatik defendatzeko. Turkiako Gobernuak mehatxu nagusitzat dauzka bi taldeak, eta «terrorista» gisa izendatuak ditu. 2014az geroztik, berriz, YPGk —SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioaren barrenean— eta AEBek aliantza militar bat dute EI Estatu Islamikoaren aurka egiteko.

Pompeoren bira

«Terroristak dira. Horregatik, ezin zaigu erran 'ez itzazue ukitu kurdu hauek'», erran zuen atzo Erdoganek, haserre. «Terroristak badira, behar den guztia eginen dugu. John Bolton oker dago horretan, eta horrela pentsatzen duenak oker larri bat eginen du».

Boltonek Erdogan konbentzitzen huts egin duela dirudi, baina AEBek ekinaldi diplomatiko gehiago abian dituzte. Mike Pompeo Estatu idazkariak bertze bira bat hasi du Ekialde Hurbilean, nahiz eta ez den Turkiara joanen eta ez den soilik Siriaz ariko. Zortzi herrialdetan egonen da astebetean. Jordanian izan zen atzo, eta adierazi zuen EIren aurkako borroka ez dela «oraindik bukatu», nahiz eta EI eta Iran pareko mehatxutzat aurkeztu zituen. Horrez gain, Trump herenegun telefonoz mintzatu zen Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin. Etxe Zuriaren arabera, AEBetako tropen erretiratzea «koordinatzeaz» mintzatu ziren, bertzeak bertze.

AEBetako tropak ez dira Siriatik joan oraindik, baina Trumpen iragarpen hutsa gerraren jokalekua moldatzen hasi da. Errate baterako, Errusiak jakinarazi du bere tropak Manbij hiriaren inguruan patruilak egiten hasi direla. Jusup Mamatov Polizia militarraren bozeramaileak Rossiya 24 kateari atzo adierazi zion «segurtasuna bermatzeko ohiko patruilatzeak» eginen dituztela hemendik aitzinera. Errusiako ibilgailu militarren irudiak erakutsi zituen hedabide horrek, Manbij inguruan.

Manbij Eufrates ibaiaren mendebaldeko ibarrean dago, eta 2016tik SDFren kontrolpean zegoen. AEBetako tropak joan den urte bukaeran erretiratu ziren, eta, Turkiaren inbasio mehatxuen aitzinean, SDFk erabaki zuen hiria eta haren ingurua Siriako Gobernuaren esku uztea. SDFk ibaiaren ekialdeko ibarreko lurralde gehiena kontrolatzen du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Mikel Rodriguez

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna