HILBERRIA. Luis Ortiz Alfau

Bizitza borrokari emana

MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2019ko martxoak 10

Borrokalaria. Luis Ortiz Alfau borrokalaria izan da (Bilbo, 1916-2019). Errepublikaren aldeko eta frankismoaren kontrako milizianoa 1936ko gerran, ahanzturaren kontrako eta memoriaren aldeko borrokalaria azkeneko bi hamarkadetan. Herenegun hil zen, 102 urte zituela.

Ia mende bat iraun du haren borrokak. Izquierda Republicana batailoian izena eman zuen. Intxortako bataila ezagutu zuen. Gernikako bonbardaketa eta gero hilotzak jasotzen aritu zen: «leku guztietan odola» gogoratzen zuen, eta oraindik ere amesgaiztoak izaten zituen han bizi izandakoekin. Bonba batek zauritu zuen Kantabrian (Espainia): oraindik zaurituta, ospitaletik ihes egin behar izan zuen, frankistak iritsi zirelako. Portutik atera berri zen iheslarien itsasontzi batera salto egin zuen. Frantzia, Bartzelona, Huescako frontea... Preso hartu eta Gurseko (Okzitania) kontzentrazio eremuan sartu zuten —bera zen bizirik geratzen zen preso ohi bakanetakoa—. Hendaiatik muga pasatzen ari zela atxilotua, Deustuko kontzentrazio eremura eraman zuten. Gero, Miranda Ebrora (Burgos, Espainia). Frankismoaren langile batailoietako esklabo izan zen Pirinioetan: hala ere, «pribilejiatu bat» izan zela zioen, pikotxarekin eta palarekin jardun beharrean bulego lanetan aritu zelako. Hori guztia pasatuta ere, Ferrolen (Galizia) soldadutza egitera behartu zuten.

Gerra hasi eta zazpi urtera bueltatu zen etxera, Bilbora. Bizirik. Garai hartako 5.000 pezeta ordaindu behar izan zizkion Uralita enpresako arduradun bati, lan egin ahal izateko. Urteak egin behar izan zituen isilik, frankismoaren aldeko bizilagunez inguratuta. 1936ko gerra gogorra izan zela zioen, baina gerraondoa, gogorragoa.

«Berpiztu» zen arte. Eusko Jaurlaritzak 1936ko gerrako biktimentzako konpentsazioak onartu zituen, baina Ortizi ukatu egin zioten, ez zeuzkalako preso egon zela frogatzen zuten agiriak. Epaitegietara jo zuen, eta irabazi, beste batzuekin batera.

Eta hitz egiten hasi zen. Memoria historikoaren aldeko mugimenduak, omenaldiek, hitzaldiek eta komunikabideetako elkarrizketek berpiztu zuten. Frankismoan bizi izandako izugarrikerien berri ere eman zion Maria Servini epaile argentinarrari, frankismoaren kontrako kereilaren barruan.

«Nik banuen obsesio bat: ezin izango nuela ezer esan», esan zion BERRIAri 2016an. «Orain, hitz egiten hasi naizela, ez nau inork isilduko».

Memoria bizia eta kementsua zen Ortiz Alfau: adinaren ajeei aurre egiteko zuen bizitasunagatik eta eskatzen zioten leku guztietan uzten zuelako hark bizi izandakoaren lekukotza gordina, memoriaren argitasuna eta bere izaera adeitsuaren eta kementsuaren arrastoa.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Ramontxu Berri tabernan egondako 683 laguni egin ziete proba, atzo ©Gorka Rubio / Foku

Hego Euskal Herrian, 492 positibo

Berria

Pertsona bat hil da Nafarroan, uztailaren 15etik lehena. Uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Galdakaoko Muguru tabernan izan ziren 420 laguni PCR proba egingo diete, eta Donostian PCR-ak egiten jarraituko dute Ramontxu Berriko bezeroei.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna