Onintza Enbeita.
BIRA

Altsasu

2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Gurasoek orain arte eutsi egin diote, baina hautsi egin dira. Hala esan du kazetariak preso dauden gazteetako baten aita, zuzenean, negarrez hasi denean. Harritzekoa da kazetariak berak nola eutsi dion. Negar egiteak ez omen du ezertarako balio, baina justiziak gehien maite duzuna urruntzen dizunean, zer gehiago egin dezakezu? Izugarria da Altsasuko zazpi gazteri gertatutakoa. Izugarria da goizaldean izandako borroka baten ondorioz kartzelan jarraitu behar izatea. Izugarria da errespetuaz hitz egitea sententziaren aurrean. Gurasoetako batek azaldu du errespetatu eta jan egin beharko dutela epaileen erabakia. Nola jaten da hori, baina? Nola irensten du batek bere umeari gaztaroa lapurtuko diotela badaezpadako epaiketa baten ondoren?

«Gu faseka goaz», esan du guraso batek. Fase garratza hasiko dute orain. Ezin izan diot negarrari eutsi. Gure fase ona noiz etorriko ote den pentsatzen aritu naiz. Eta gogoratzen ditudan etaparik gehienak gogorrak izan dira herri honetan.

Zazpi gazte akusatuta. Zazpi bizitza erditik moztuta. Zazpi etxetan ohe hutsak. Zazpi kuadrilla urrutira begira. Zazpi ligoteo gutxiago asteburuero Altsasun. Zazpi ikasketa zailduta. Zazpi amets gaiztotuta. Zazpi gezur justiziaren gortean. Zazpi aizto injustiziaren mahai gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.