andoni egana
HITZ ETZANAK

Arauak

2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Egun hartan bertsomindu nintzelako guztiz, 1980ko bertso Txapelketa Nagusiko finalarenean, «Errege-goiz bateko azken opari zen, Amuriza zelarik zenik Amurizen…» hasi nuen bertso bat behin, eta gutxitan bezain asebeterik geratu nintzen. «Antonomasia» edo deituko diote figura poetiko-erretorikoen sailean. Baina hori da gutxienekoa. «…zenik Amurizen» horrek zerbait berria, inori inoiz otu gabekoa, sortu izanaren poxa ematen du. Eta hori ere ez da garrantzitsuena. Bide bat eskain dezake sormenerako. Bizitzarako, alegia: ohikoa, lege dirudiena hautsi, arauak bihurrituz eta guztiz apurtu gabe.

Sentimendu antzerakoa izan nuen Jon Sarasuari lehen aldiz «inprobisatuko dugu; inprobisatuko gara» entzun nionean. Esaldiaren lehen zatiaren ohikotasuna bigarrenak erabat puskatzen du. Belarrietan krakatekoa eragingo dizu, baina krakateko goxoa. Besteri ikasita, zeu hasiko zara premia duzunean esamoduak bihurritzen. Eta esamoduekin, pentsamoldeak. Gauza bertsua gertatu zitzaidan estreinakoz eta aurrez aurre norbaitek «Ez zaitut ulertzen, baina denborarekin ikasiko zaitut» esan zidanean.

Ohikoa, lege dirudiena hautsi, arauak bihurrituz eta guztiz apurtu gabe. Gramatikarako baliagarri zait. Politikarako ez dakit...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.