COVID-19ak aldi baterako erregulazioa eragingo du Landabenen

Hornitzaile nagusi bat koronabirusak gogor jo duen Italiako eremukoa da, eta «badaezpadako neurria» litzateke

Beharginak Landabengo ekoizpen kate batean lanean. VILLAR LOPEZ / EFE.
xabier martin
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Ezagun da euskal ekonomian eragiten ari dela, baina Volkswagenek Iruñean duen fabrika handian hartu duen neurriak islatu du modu argienean koronabirusaren arazoa zenbatekoa izan daitekeen ekonomiarentzat. Landabenek iragarritakoaren ondoren, argi geratu baita Nafarroako industria motor handienaren ekoizpen katean eragiteko gai dela. Zuzendaritza aldi baterako erregulazioa negoziatzen hasi da sindikatuekin osagaien horniduran arazoak izan ditzakeelakoan.

«Badaezpadako izaera» luke erregulazio horrek, Volkswagenek helarazi duenez. Enpresak esan du Italiako hornitzaileak «egoera kezkagarrian» daudela; hain zuzen, COVID-19ak gogorren jotako eremuan baitaude osagaiak ekoizten dituzten planta horiek. «Orain arte, normaltasunez jardun dute, Nafarroako Volkswagenek bezala». Baina normaltasun hori luze gabe hautsiko dela aurreikusi du Wolfsburgoko multinazionalak, eta horren aurrean aldi baterako enplegu erregulazioa eskatu nahi dio administrazioari, sindikatuekin negoziatu ondoren.

Enplegua erregulatzeko baimena eskatzeak ez du esan nahi ezinbestean lanorduak murriztuko dituela, enpresak berak argitu duenez; «badaezpadako mekanismoa litzateke; aplikatu beharra balego, azkar egin dadin». Negoziazio mahaia astelehenean osatuko dute, eta sindikatuek beren iritziak ezagutaraziko dituzte ordurako; aldi baterako erregulazio hori beti izango litzateke tresna bat enpresaren eskuetan beste edozein esparrutan indar posizio batetik negoziatzeko.

Langile batzordearen gehiengoa, ordea, erregulazioa onartzeko prest dagoela ematen du. Alfredo Morales presidenteak (UGT) akordio bat lortzeko borondatea adierazi baitzuen atzo, langileek bazekitelako «horrelako egoera irits zitekeela». «Logikoki kezka apur bat badugu, baina badaezpadako neurria litzateke; bagenekien horrelako egoera irits zitekeela».

Autogintza Italiari begira

Dena den, Volkswagenetik harago doan arazo larri bat eragin dezakete Italiako hornitzaileek nazioarteko autogintzan. Izan ere, munduko lau ekoizle handienak Italiako fabrikak ixteko arriskuan daudela ohartarazi du hornitzaile horietako bateko buruak, MTAkoak. Codognon (Lombardia) duen lantegiak 600 behargin dauzka, eta, lanera itzultzen ez badira egun gutxian —joan den ostiraletik ez dira ari beharrean, segurtasunagatik—, ekoizpena eten beharko dute; Fiat Chryslerrek nozituko luke osagai falta lehenik eta behin, eta domino efektu bat eragingo luke, akaso. «Europako FCAren lantegi guztiak itxiko lirateke, baita BMW eta Peugeotenak ere», esan du Maria Vittoria Falchetti, MTA konpainiako administrazio kontseilukideak.

Beraz, Europako autogintzaren ekoizpen kateak eteteko arriskua gero eta handiagoa da. Ekoizpen kate horiek eten dira jadanik Txinan, Europako fabrikatzaile gehienen lantegietan, baina ez Europan oraindik. Biltegietan metatutako osagai stockak bizirik eutsi die Europako lantegien kateei, baina Txinako jatorrizko arazoaren ondoren oso litekeena da Italian eragin den bigarrenak lantegi batzuen itxiera ekartzea.

Esan beharrik ez dago: autogintzak bere jarduera apaltzen badu, gizakiaren osasunarentzako birus larria dena ekonomiarentzako birus larria ere izango da laster. Jarduera zenbat apalduko den da gakoa; erantzunaren arabera, uste baino larriagoak izango direlako ondorioak. Autogintza industria traktorea da beste askorentzat, eta datozen asteek finkatuko dute krisiaren neurria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.