garbine ubeda goikoetxea
EGUZKI EPELEAN

Distantzia

2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Distantzia soziala dogma zen garaian koskortu ginen. Orduan ez zen xerazko muxurik, adierazpen gozo ozenik edo inor ukitzeko aitzakia agerikorik, ezta familiaren altzoan ere, eta plano afektiboa gogortasunez eta ukazioz estaltzen zen. Gehientsuenak motzak ginen, neska-mutilen arteko tartea fisikoa nahiz sinbolikoa laburtzea eskatuko zuen zernahitarako kasik ezdeusak; beldurtiak, erreprimituak eta zurrunak, intimitatean. Gogoak gogo, nekez ikasi genuen distantzia ezarriak apurtzen; erdizka, igurtzi errazekoari puta ez esaten; eta ondo kostata, sexu berekoen arteko besarkada publikoak onartzen (golak ospatzeko ez zenean behintzat). Beste horrenbeste esan zitekeen tokiez eta kulturez ere. Norbere burbuilaz harago, arrotza eta batez ere urruna zen mundua.

Iraultza teknologikoa heldu zen apurka, eta harekin batera globalizazioa, eta neurri matematiko absolutu ziruditenak malgu eta erlatibo bihurtu ziren. Planetan distantziarik ez dagoela saldu ziguten. Dena dagoela hurre, eskura. Hegazkinez, ordutan hel zaitezkeela antipodetara, eta bideo-deiaz, berriz, supituan. Distantzia fisikoak bezala birrindu zizkiguten kulturalak, eta bide batez, baita berbalak ere. Zein gaizki eraman izan dudan, kafetegian sartu eta inoiz ikusi ez dudan zerbitzariak guapisimaka, holamireina-ka, edo euskalduna izanagatik ere, mimetismo hutsez, esancariñoka hartu izan nauenean. Hurbiltasuna erakutsi nahi, eta kurioski, argi-urteetara sentiaraztea lortu. Bitxia honokoa ere, distantzia luzea da aspaldi honetako abestirik arrakastatsuenetako batek baliatzen duena bihotzaren hunkidura adierazteko: Ilargiraino eta bueltan maite zaitut...

Honetara ezkero, ez nau distantziak —edo distantzia ezak— beldurtzen. Dogmaren bertutez, homogeneizazioaren modaz ala osasun neurriz izan, distantzia legez ezartzeak izutzen nau. Eta urtetan luzatuko den inertziak. Eta horrek dakarren errepresioak. Eta presioa horrenbestekoa denean, gutako bakoitzaren baitan pizten diren salatari, polizia eta epaileak.

Atzo, 40 urte inguruko gizasemea zaunka ari zitzaion frantses hiztun gaztexeago bati, Irunen, musukorik gabe zihoalako. «The fucking mask» errepikatzen zion orroka eta ukabila goratuta. Eskerrak ez gauden AEBetan bezala leporaino armatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.