Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Hil osteko dominak

2020ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Erromatarren garaian, giza-sakrifizioa ordurako arbuiatu eta debekatutako praktika zen Mundu Zaharreko kultura gehienetan. Antzinako zeremonia horiek askotariko erronka serioen testuinguruan egiten ziren —eraikuntza konplexuak, gerrak, hondamendi naturalak—, betiere komunitatea batzeko asmoz, behar besteko konfiantza eta kemena bil zezan.

Gaur egun, ia ez gara ezta gogoratu ere egiten horrelako praktikez, zorionez. Baina antzeko ideiek diraute gure artean zenbait une tragiko kolektiboetan, Ana Carrasco-Conde filosofoaren iritziz. Azken hilabeteetan ikusi dugu nola pandemiako talde zaurgarrienak adinekoak eta osasun-langileak izan diren, hain zuzen, heriotza-tasa handienak pairatu dituztenak. Fenomeno hori, hein handi batean, egoki babesteko adina baliabide ez edukitzeagatik gertatu da. Alegia, erantzukizun politikoa dago horren atzean.

Horrexegatik, botereak bere intereseko esanahia erantsi nahi die heriotza horiei. Heroiei buruzko solasak entzun ohi ditugu eta doluaren eta sakrifizioaren inguruan nazioaren batasunera deitu gaituzte zeremonien bidez, nahiz eta horren guztiaren aurrean ospitaletako langileak haserre azaldu diren. The New York Times egunkariak «osasungintzako kamikaze» gisa izendatutako langile beroriek baliabiderik gabeko profesional nekatuak direla esan dute, ez heroiak.

Zenbait botere politikok eta ekonomikok horrelako giza-sakrifizioak onartu egiten dituzte, horiek ekiditeak beren interesen aurka jokatuko lukeelako. Boris Johnson, adibidez, argi mintzo zen konfinamenduaren aurka zegoeneko garaian esan zuenean «jendea prest egon behar dela gertuko senideak galtzeko», bera ere kutsatu baino bi aste lehenago. Logika horretan ari dira ekonomia irekitzeari babes-sistema publikoei baino arreta handiagoa eskaintzen diotenak.

Gai honek Txernobylen gertatutako pasarteak dakarzkit gogora. Gobernuaren zabarkeria eta arrisku erradioaktiboari buruzko gezurrak bizitza edota osasunaz ordaindu zituzten larrialdi-zerbitzuetako langile askok. Konpentsatzeko, agintariek ez zuten beren jarrera publikoki kritikatu, ezta erantzukizunik onartu ere. Horren ordez, domina bana eman zieten langileei. Burdin kaskar bana. Hildakoei ere bai, nola ez ba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.