Jaurlaritzak 100 milioi euro emango dizkio Eudeli trantsizio energetikorako

Udalen eraikinen «energia eraginkortasuna» hobetzera bideratuko dituzte 90 milioi euro. Diru laguntzak maiatzean dira aktibatzekoak

Arantxa Tapia sailburua, joan den azaroko argazki batean. IREKIA.
Igor Susaeta.
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Udalerriek Jasangarritasun Energetikoaren Legeak ezarritakorako bidea egin dezaten, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 100 milioi euro emango dizkio Eudel Euskal Udalen Elkarteari. Jaurlaritzak eta Eudelek bilera egin zuten atzo, eta, Arantxa Tapia sailburuak adierazi zuenez, berak zuzentzen duen sailak trantsizio energetikorako aurreikusitako programek «inpaktu argia» edukiko dute udaletan. Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak adierazi zuen «pozik» daudela adostutakoarekin. «Jaurlaritzaren lan lerroek guztiz bat egiten dute gure lehentasunekin».

100 milioi horietatik 90 bideratuko dituzte udal eraikinen energia eraginkortasunaren hobekuntzara. Izan ere, iaz Eusko Legebiltzarrak onartutako legea aintzat hartuta, instituzio publikoak behartuta daude 2030 bitartean «energia garbiko» adierazleak hobetzera. Gauzatu energia programan jasotakoaren arabera, beste hamar milioi euroak erabiliko dituzte udalek herrien «osasun energetikoa» aztertzeko ikuskaritzak egin ditzaten.

Tapia sailburuaren esanetan, «eraldaketa sozioekonomikoak» gauzatu ahal izateko,«munta handiko ekintza estrategikoak» beharko dira. Eudelen eta Jaurlaritzaren arteko akordioko laguntzak maiatzean dira aktibatzekoak, eta hilabete horretan, hain zuzen, bilerak egingo dituzte udaletako ordezkariekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.