Boricek gizarte babes handiagoa eta elkarrizketa iragarri ditu Txilerako

Herrialdean presidente batek inoiz jaso duen boto kopururik handiena lortu du ezkerreko hautagaiak. Hamar punturen aldea atera dio Kast ultrari. Martxoaren 11n hartuko du presidente kargua

Gabriel Boric Txileko presidente hautatua, igandean, Santiagon, hauteskunde garaipena ospatzen. ELVIS GONZALEZ / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Txilek ezkerreko gobernua izango du. Gabriel Boric Apruebo Dignidad koalizioko hautagaiak garaipen argia eskuratu zuen igandean, presidentetzarako bozen bigarren itzulian, Jose Antonio Kast eskuin muturreko hautagaiari aurre hartuta. Inkestek lehia estua zuten iragarria, baina Boricek hamar punturen aldea lortu zuen azkenean, eta Txilen presidente batek sekula jaso duen boto kopururik handiena: 4,6 milioi baino gehiago, boto guztien %55,9. Kastek, berriz, 3,6 milioi boto eskuratu zituen, bozkatu zutenen %44,1en babesa. Boricek elkarrizketan eta akordioetan oinarritutako gobernua hitzeman du, Txile eredu neoliberaletik urrundu eta gizarte babesa indartzeko.

Herrialdearen historiako presidenterik gazteena izango denak—35 urte ditu— Sebastian Piñera ordezkatuko du karguan, martxoaren 11n. Gobernu aldaketarekin, Txile ere Latinoamerikan ezkerrera egin duten herrialdeen zerrendara batuko da, azken bozetan Argentinak, Boliviak, Hondurasek, Mexikok eta Peruk egin bezala.

Bere agintaldirako lan ildo nagusien berri eman zuen Boricek igande gauean, Santiagoko erdigunean, garaipena ospatu zuten milaka jarraitzaileren aurrean. Salvador Allende presidente izan zenetik Txilen agintera heldu den proposamen ezkertiarrena ordezkatzen du ikasle mugimenduko buruzagi izandakoak. Boricek berretsi egin zuen herrialdeari norabide berri bat emateko konpromisoa, feminismoan, ekologismoan, gizarte babesean eta justizia sozialean oinarrituta. Baina, aldi berean, bide hori egiteko zailtasunez ere ohartarazi zuen, bere oinarriari argitzeko iraultzarik ez dela izango. «Dena ezin daiteke aldi berean egin».

Argitu zuen bere gobernuarentzat lehentasuna izango dela 2019. urtean protesta jendetsuak eragin zituzten eskari sozialei erantzutea. Dena den, adierazi zuen denbora beharko dela horretarako: «Justizia eta duintasun eskarien jakitun gaude. Urrats txikiekin egingo dugu aurrera, baina irmo».

Ezarri nahi dituen hobekuntzen artean, hauek aipatu zituen: osasun sistema publikoa indartzea, egun funts pribatuetan oinarritzen den pentsio sistema publiko bihurtzea, langileen eskubideen defentsa eta kontziliaziorako laguntzak.

Egin nahi duenari besteko garrantzia eman zion egiteko moduari. «Herrikideok, txiletar guztien presidentea izan nahi dut». Elkarrizketa agindu zuen gizarteko sektore guztiekin, eta berdin aurkari politikoekin, akordioak lortze aldera. Kongresuaren zatiketa «aukera bat» da, Boricen esanetan, «herri erronken inguruan biltzeko».

Duintasuna denentzat

Elkarrizketa eta akordioak bai, baina printzipioei uko egin gabe. Boricek ziurtatu du bazterkeriaren kontrako gobernua izango dela berea: «Badakigu aberatsentzako justizia eta pobreentzako justizia ez direla bera, eta ezin dugu onartu desberdinkeriaren ordaina pobreen bizkar gelditzea». Presidente hautatuaren hitzetan, «duintasuna toki guztietara iristeko» egingo du lan. «Gobernua une oro egongo da bere herriarekin».

Giza eskubideekiko konpromisoa izan zen Boricek hauteskunde gaueko diskurtsoan nabarmendu zuen beste ardatzetako bat. Hain justu, 2019ko protestak zapaltzeko Piñeraren gobernuak hartu zituen neurrien inguruan, eta hainbat elkartek salatu zituzten urraketei buruz, iragarri zuen ikerketak areagotuko dituela «egia, justizia, ordaina eta berriz ez errepikatzea» bermatzeko. Jarraitzaileek protestetan atxilotutakoak askatzeko eskatzen zutela, zera adierazi zuen: «Familiekin hitz egin dugu; badakigu zer egin behar dugun».

Finean, Boricek bide baten hasiera hitzeman du, Augusto Pinochet diktadorearen eskutik Txilen ezarri zen gizarte eredu neoliberala eraldatzeko. Sistema horrek batez besteko errenta altueneko estatu bihurtu zuen Txile Hego Amerikan; baina baita eskualdean desberdintasun sozial handiena duen herrialdea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.