Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

Oztopo arkitektonikoak

2022ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Nik lehen pausoak nola ematen nituen ikusi zenuen bezala ari naiz ni zure azken pausoak ikusten. Oreka mantendu ezinik erori nintzen aldiro jaikitzen lagundu zenidan. Nik orain jaikitzen laguntzen dizut, ez ordea erori egiten zarelako, oreka mantendu ezinez eror ez zaitezen baizik. Daukazun bizinahiak ez dizu heriotzari zuzenean begiratzen uzten, baina badakizu buruak galdera asko egin arren, gorputzak ez dizula erantzuten.

Nekez pentsatuko nuen alaba bikien gurpildun aulkiari bultzaka aritzetik zure gurpildun aulkiari atzetik heltzera igaroko nintzenik epe laburrean.

Ez dut, ordea, nire mina soilik hustu nahi. Kaleak eta herriguneak nola betetzen ditugun ere ikusarazi nahi nuke. Haurren jarleku zabala behin baino gehiagotan jaitsi behar izan dut espaloitik errepidera. Inklusioa aldarrikatzen dugun gizarte honetan enpatia eta errespetu ariketa urriak egiten ditugu. Nonahi daude traba arkitektonikoak. Ohartzen ote gara zenbat zuhaitz dauden espaloiaren zati handi bat hartzen dutenak? Edo zenbat kale-argik bihurtzen duten bidea ilun? Espaloiak eta ibilbideak ez daude denen neurrira eginda.

Kaleak, bideak, komunak, etxebizitzak, kiroldegiak... oro har zerbitzu publikoak «egokitu» egin direla irakurtzen dut behin eta berriz. Egoki ez zeudelako egokitu dituzte. Hasieratik ezin ote zen egoki jarri?

Aldiriko trenak ere aldi baterako soilik dira batzuentzat. Eta beste batzuentzat begiz soilik jaso ditzaketen bagoi multzoa. Ezin baitute bertara igo. Oztopoekin topo egin eta hotz geratzeko modukoa.

Autobus gidariak atzetik datorren autobusari itxaroteko erregutzen digu. Berak gidatzen duen garraiobidea ez dagoelako gurpildun aulkiak sartzeko prestatuta. Guk, ordea, aldiro egon behar dugu prest bazterkeria hau jasateko.

Haurrak euren gurpil txikiko aulkitik jaulki daitezke, baina gurpil handian doazen gorputz asko ezin dira aulkitik jaiki, eta kafe bat hartzera edo pintxo bat jatera nora joan ondo erabaki behar da uneren batean komunera joateko premia sortzen bazaie.

Eta hau dena autoa aparkatu eta elbarri-txartela ez baduzu pentsatu beharreko guztiak aipatu gabe. Adina eta hanken indar gabezia adinakoa da hanka sartzeen indarra. Pentsa dezagun zer-nolako gizartea eraikitzen ari garen. Eraikitzaileek pentsa bezate guztiongan, batzuek egunero nondik nora joan pentsatu behar ez dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.