Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

Monogamia: onura edo lotura?

2022ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Haurrak azalpenik eman gabe aritzen dira batekin eta bestearekin jolasean. Eskuz aldatzeko inongo eragozpenbiderik gabe jokatzen dute. Gaur honekin eta bihar harekin. Gaur maite zaitudan arren bihar agian ez dut zurekin ezer jakin nahiko. Joko arauak ez daude idatzita. Komenentzia da harreman askoren esentzia, eta ez da baloreen absentzia.

Zergatik ote zen poligamia garai bateko gizakien egunerokotasunean harremantzeko modu ohiko? Zergatik dira animalia espezie gehienak monogamiaren antonimo?

Gizarteak eraikitako artefaktu bat baino ez da bikotea eta leialtasuna, kristau moralaren beste mandamentu bat baino ez. Beraz, monogamia zer ote da? Zoriontasunaren ate ala kate? Askatasunaren uharte, edo hutsarte? Gizarteko eta familiako homeostasiari onurak (eta loturak) ekartzen omen dizkio. Kultur-herentzia bat dela diote adituek. Gizakiaren behar oinarrizkoenak intimitatea, konfiantza, errespetua, kompromisoa, jabetza, onarpena eta ziurtasuna omen dira. Goxotasuna eta denbora eskaintzea ezinbestekoak omen dira bikotearen arteko oreka ziurta dadin. Enpatia ariketak egitea hobe enpate geratzeko. Poligamian hori guztia ziurtatu ote daiteke denbora epe luze batean? Bikoteak behar duen oreka eta desira, beti ez da ordeka; eta presioa areagotu egin daiteke.

Bikotekideen arteko onarpena dagoenean ez dago adar jartzerik, ezta desleiala bezalako hitz mamuen kargarik. Gizarte postmodernoak eta neoliberalak indibidualismoa goresten du, baita hedonismoa eta bestearen manipulazioa ere.

Oraindik ere badira monogamia emakumeari soilik eskatzen dioten kulturak. Errealitate matxista da gizon askorekin oheratzen den emakumea gutxiestearen eta emakume askorekin oheratzen den gizona gorestearen arteko amildegia.

Bestalde, bada ikerketa genetikoetan oinarritzen den baieztapen bat ere. Hogeita lau gen izateak gure garunaren garapenean eragina omen du. Horiei esker adimen horrek bere baitan onbeharrez sortzen omen du monogamiaren aldeko diskurtsoa. Nik, ordea, zalantzarik ez dut gizakiaren premia primitiboei buruz hitz egitea egokiagoa dela. Gauza guztietan bezala, hemen ere auzia ez baita zuri edo beltz, ongi edo gaizki.

Zenbat bikoteren elkarbizitza da errespetuan eta sexuan anitza? Zenbat bikote dira pisukide soil? Familiaren ongi izatea bermatzearren norbere sexu beharrak ase gabe uzteko prest egoteari nola deritzo?

Ezagutzen ditut maitaleek bikote harremana hobetu eta aberastu dutela dioten lagunak. Baditut poligamia hitzak higuina sortzen dien lagun minak ere. Bere ertz eta bere zuri-beltz, bada garaia gai tabu izateari uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.