BIRA

Hurrengo eguna

Onintza Enbeita -

2018ko irailak 12
Salvador Allende iragana zen 1973ko irailaren 12rako. Bezperan hil zuten; hamazazpi urte iraungo zuen diktadura militarraren lehen kolpean. Haren hilketak Txileren norabide politikoa erabat aldatu zuen: desagerpenak, kartzela, tortura, zentsura, isiltasuna...

Halaxe esnatu zen New York ere 2001eko irailaren 12an: isilik, lehenago dorre bikiak zeuden lekuan ezer ez zuela. Batzuk, goizean esnatu eta lanera abiatuko ziren berriro; beste batzuk, dorreen azpian erraustu ziren. Zerbait aldatu zen bertakoen bizitzetan, betirako. Munduaren paradigma politikoa ere aldatu egin zen. Harrezkero, nazioarteko terrorismoaren izenean, nahi izan dituzten kontrol sozial guztiak inposatu dizkigute.

Baina efemeride guztiek ez dute biharamun berdina. Gaur isilik esnatuko zen Katalunia agian, ajetsu. Iazko, duela urte biko eta aspaldiko irailaren 12etan esnatu izan den moduan. Zerbait handia egin duen herria lasai esnatzen da. Panorama politikoa aldatu behar luke giza kate erraldoiak edo diagonala betetzeak edo milioika lagun batzen dituen manifestazioak, baina ez. Kataluniarentzat ezer ez da aldatu. Irailaren 12an ere, dinosauroak hor jarritzen du: bere errege, konstituzio, ejerzito eta faxista guztiekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna