Onintza Enbeita.
BIRA

Amore

2018ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Bai, amore eman dut. Eta ez, oraingoan ez da ohean izan. Ez daukat oherik ohe hegan ibiltzeko edaderik. Kalean eman dut amore. Arrazoia ematen diot nirekin batera kafea hartu ohi duen jendeari: neu naiz normala ez dena. Ulertu egiten ditut haien begiradak goizeko zazpietan. Nire moduko neska batek ohetik joan behar luke kafetegira; ez beste taberna batetik. Beti kontra egiten ibili naiz, baina ez ote zait korrontearen alde igeri egitea tokatzen? Ez, ez nago nekatuta, baina errekan behera doazenak zoriontsuagoak izan litezke ni baino. Zergatik ez?

Bai, amore eman dut. Ezin izan dut presioa jasan. Emakume osoa izateko falta zaidana badator: haurdun nago. Ez nioke neure buruari erdizka gelditzea barkatuko. Aita nor duen ez da garrantzitsua, baina badu, jakina. Horrela egiten baitira gauzak ondo: arra, emea eta kumea. Ez dut nik munduaren martxa apurtuko. Ez dut nik katea etengo.

Bai, amore eman dut. Nekatu naiz neure buruari zilegitasuna aitortzeaz. Hitza kendu didatenei arrazoi ematen diet: ni ez naiz inor ezer zalantzan jartzeko. Ni ez naiz nor normaltasun hau neutrala den ala ez erabakitzeko: normaltasuna deitzen badiogu, normala izango da.

Bai, amore eman dut, baina egun txarra aukeratu dut horretarako. Egutegiak arraro begiratzen dit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.