andoni egana
HITZ ETZANAK

Fidakaitz

2018ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Badut adiskide bat fidakaitz eta ezkor agertu ohi dena politika kontu larriak aipatzen direnero. Dela Kataluniari buruzko irtenbidea, dela Euskal Herriaren estatus berriaren inguruko zerbait, gaia edozein dela ere, sudurra muzintzen du, eta, beti, adibide bera jartzen du bere fidakaiztasunaren euskarri: «Ez diat etxeperik ezagutzen igogailua jarri behar eta xextrarik gabe konpontzen asmatu duenik. Halakoak gaituk. Hik uste duk txikikeriatan konpondu ez eta kontu potoloagoetan konpontzen asmatuko dugula?».

Beste lagun batek ekologia aipatzen denean azaltzen du bere ezkortasuna. Geure zilborrera begira bizi garela hasten da erretolikan; egunkariak beteak daudela aurpegi azalerako urre eta hialuroniko azidoz emandako tratamendu eskaintzaz; bakoitza berera doala... «Hik uste duk hurkoari agurrik ere egiten ez diona benetan dagoela kezkatua munduak hemendik hiru-lau belaunalditara izango duen itxurarekin? Plastikoz betetako itsasoa ikusten duenean espantuka hasiko duk, baina segituan ahaztuko zaiok, eta jarriko duk berriz ere ispiluari begira».

Bukatu berri den Munduko Futbol Kopan, japoniar zaleek inork agindu gabe eta euren artean ados jarrita harmailak garbitu dituzte partidak amaitu orduko. Ez naiz ni hain ezkorra...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.