Onintza Enbeita.
BIRA

Momia

2018ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Laster etorriko dira berrogeita hiru urte lurperatu zintuztenetik. Ala ez zintuzten benetan lurperatu? Jende askok hartzen du zure hutsunea erraustu zenuen herrian, eta jende asko bizi da berpiztuko zaren beldurrez ingurukoetan. Rodrigo Diaz de Vibarren oinordeko zuzena bazina lez, haren antzera hasi zara hil eta gero ere batailak irabazi nahian. Hortxe egon nahi duzu, gurutze handiaren azpian, eternitate oso baten. Baina ez zaude merezi zenukeen bezain leku doilorrean, eta ez zenuke hor egon behar: zeure aginduz hil zituzten pertsonen ondoan. Zer pentsatuko dute haiek, zer esango dute haien ondorengoek haien ondoan zaudela akordatzen zaien bakoitzean? Alde egin ezazu hortik. Zoaz ezkutuko zokondoren batera. Izango da zuretzako adina leku edozein hilerritan. Ez zinen hain gizon handia ere; gainera, hil eta lau hamarkadara, ondo murriztuta egongo zara. Ez nuen zutaz idatzi nahi, sutan jartzen nauzu. Baina ezin ditut jasan telebistan zure alde ari diren horiek guztiak, gauza onak egin zenituela esaten dutenak. Eta are gutxiago jasan ditzaket hil ondorengo errespetuaz-eta hitz egiten dutenak. Ez duzu inoren errespeturik merezi. Hilda ez bazeunde, gure hildakoak bueltatzeko eskatuko nizuke, baina zorionez, haiek bezain ustelduta zaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.