andoni egana
HITZ ETZANAK

Min

2018ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Berradiskidetu» entzuten dudan bakoitzean hartzen dut min. Tradizioaren aurkakoa gertatzen zait. Gure etxean sekula entzun gabeko aditza da eta konponbide erraza du. Aski da alferrikako ber hori kentzea. Adiskidetu esaten genuenean berradiskidetu esaten ari ginen. Inor ez baita hutsetik adiskidetzen. Adiskidetzeak berradiskidetzeak hainbat, derrigor, aurretiko gatazka eta haserrealdia eskatzen du. «Aixkiratu al zeate?», galdetuko zizuten etxean senideren batekin tupustaldi bat izan eta handik denbora tarte batera...

Gatazka, haserrealdia... bizitzaren muin dira, eta beti bila ibiltzea bezain itsusia da beti ihes ibiltzea. Are nabarmenagoa da hori norbaitek beste norbaiten eskubideak galarazten dituen unean. Diada goizez ari naiz hau idazten. Urtebetean gauza asko gertatu da eta iazko Diadako argazkietan azaltzen ziren asko preso edo atzerrian daude. Eta ez da gauza bera kalean xingola horia jarri edo kendu. Jartzen duenak, gehienera ere, zenbaiten begietara pelma izateko arriskua du. Kentzen duenak bestelako arrisku bat behar luke.

Gu, Hondarribian gaur kantuan. Akaso beste garai batean, akaso Euskal Herriko beste leku batzuetan, tradizioz, adiskidetu esango zen. Badaezpada, minak min, ez naiz nire adiskidetu-n tematuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.