GuraSOS: «Ez gaude borrokarako, baizik eta bidea elkarrekin egiteko»

Ehunka lagun bildu dira Donostian, hondakinak kudeatzeko politikan adostasuna eskatzeko

Ehunka pertsonak parte hartu zuten atzo Donostian GuraSOSek deitutako manifestazioan. JON URBE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Donostia
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Erakunde publikoei eskua luzatu zien atzo GuraSOS elkarteak. Beste behin ere, prest agertu zen Zubietako (Gipuzkoa) errauste plantari eta hondakinak kudeatzeko politikei buruz hitz egiteko. Zapi zuri batzuk eskuetan hartuta, honela adierazi zieten taldeko kideek Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun politikoei: «Ez duzue ezer ulertu. Ez gaude borrokarako, baizik eta elkarlanerako, bidea elkarrekin egiteko». Eta asmo horretan ehunka pertsonaren babesa jaso zuten atzo Donostiako kaleetan, Adostasunari esan baietz lelopean egindako manifestazioan.

Antiguako tuneletatik abiatu zen martxa, 17:00ak pasatxo zirela, eta, Mirakontxa pasealekuan aurrera egin ahala, handituz joan zen manifestari multzoa. Izan ere, udaberri garaiko eguraldiak lagunduta hondartza ingurura hurbildutako asko batu ziren protestara: etengabekoa izan zen jarioa, eta, Artzain Ona igarota, San Martin kalea alderik alde hartua zuen martxak. Aurrez ere babes handia jaso zuen deialdiak: Gipuzkoako eragile sozial, ekonomiko eta sindikal ugarik adierazi diote atxikimendua manifestazioari azken asteotan.

Ia ordubeteko martxaren ondoren, Bulebarrean bukatu zen mobilizazioa. «Egia, osasuna, ingurumena eta, nola ez, gure haurrak babestera etorri gara», adierazi zuten Joxe Mari Izetak eta Olatz Kortak GuraSOSen izenean, amaierako ekitaldian. Deitoratu zuten instituzioek euren «ahotsa isilarazi nahi» izan dutela, «hutsaren hurrengoa garela sinetsarazi», baina nabarmendu zuten euren eskaintza «zintzoa eta posibilista» dela.

Martxo hasieran hondakinak kudeatzeko plan berria onartzekoa da aldundia, Zubietako erraustegia oinarri hartuta. Horren harira, elkarlanerako prest agertu zen GuraSOS, baina jarrera eraikitzailea eskatu zion aldundiari ere: «Ez egin gerra gizarteari. Gogoratu zer dioen Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteordeak: 'Ingurumen erronkei, eta hondakinei lotutakoei bereziki, gobernuek eta herritarrek elkar hartuta egin behar diete aurre'».

Ildo horretan, elkarteko kideek gogoratu zuten «gizarteak hitza hartu» duela Hitzartu prozesuan, eta herritarrek hiru irizpide eman dituztela hondakinen kudeaketarako: osasuna lehenestea, instalazioak ahalik eta gehien baliatzea, eta ekonomikoki bideragarria izatea. Horietan oinarrituta, plan bat idatzi du GuraSOSek, eta diputazioan aurkeztu du. Kontuan hartzea galdegin zuten atzo: «Badago alternatiba tekniko bat, ingurumen eta ekonomia ikuspegitik iraunkorra eta bideragarria dena. Batzar nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundia: erantzuna zuen esku dago». Erantsi zuten bat datozela diputazioaren planteamendu batzuekin: «TMB plantarekin eta biometanizazioarekin, bai. Baina labeak, ez; erraustegia, inola ere ez».

Ekitaldiaren amaieran, eskua ez ezik, soka bat ere eskaini zien neskato batek erakundeei. Korapiloz beteta zegoen, askatzeke eta adosteke dauden arazoen seinale. «Denon artean Gipuzkoa osasuntsu eta hobea josteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.