Gizon bat hil da Donostian, utzia zegoen eraikin bateko sutean

Zendutakoak 49 urte zituen. Han bizi ziren beste bi lagun zauritu egin dira ezbeharrean

Su hartu zuen eraikina, eta suhiltzaileak lanean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jon Rejado.
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Ordu txikietan gertatutako sute batean 49 urtekogizonezko bat zendu zen atzo, Donostian. Zubiberri bidean utzita zegoen lantegi batean izan da ezbeharra. 05:30 eta 06:00 bitartean hartu zuen su eraikinak, Donostiako Udaltzaingoak ezagutarazi duenaren arabera. Une horretan sei pertsonazeuden barruan, lotan. Etxegabeak ziren guztiak. Hildakoaz gain, barruan zeuden beste bi kide ere zauritu dira sutean. Donostia ospitalera eraman zituzten biak: batek hanka bat apurtu zuen, lehen solairuko leihotik kalera salto eginda; bestea, berriz, kea arnasteagatik ospitaleratu zuten.

Eraikinak bi solairu ditu, eta egitura osoa egurrezkoa da. Horren ondorioz zabaldu zen sua eraikin osoan. Suaren jatorria argitu gabe dago oraindik. Suhiltzaileek sutea kontrolpean izatea lortu ondoren hasi ziren lanean Ertzaintzako kideak, sutea non hasi zen argitzeko, eta ustekabean edo nahita piztutakoa izan ote zen.

Etxean zeudenek adierazi dutenaren arabera, sua lehen solairuan hasi zen. Eraikinean bizi zirenetako batek ETBrekin hitz egin zuen, eta azaldu zien ohartu zirenerako beheko solairuan bi metro baino gehiagoko sugarrak zeudela. Barruan zeuden sei lagunetatik bostek beren kabuz ateratzea lortu zuten, baina 49 urteko gizonezkoak ez zuen lortu. Ihes egin zuten kideetako batek eman zuen alarma hotsa.

Suhiltzaileek eraikinaren barruan sartzeko aukera izan zutenean hasi ziren zendu den gizonaren bila. Ertzaintzaren arabera, goiko solairuko gela batean zegoen. Horren harira, Segurtasun Sailak jakinarazi du goiko geletan eragin duela gehien keak. Edonola ere, gizonezkoaren heriotzaren arrazoiak autopsia egindakoan argituko dira.

Tokia hiriko aterpeetan

Eneko Goia Donostiako alkatea eraikinera gerturatu zen atzo goizean, han zeudenen egoeraren berri izan eta sua itzaltzeko lanak bertatik bertara ikusteko. Goizean sua guztiz itzali gabe zegoen oraindik, eta «tentuz» jokatzearen alde egin zuen, orduan oraindik argitu gabe baitzegoen ea beste norbait egon ote zitekeen barruan harrapatuta.

Donostiako alkateak esan zuen hiriko Gizarte Zerbitzuetako langileak erretako eraikinera joan zirela. Ezbeharretik onik atera zirenak artatu dituztela zehaztu zuen. Halaber, alkateak gaineratu zuen tokia gorde dietela hiriko aterpetxeetan, bertan lo egin dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.