andoni egana
HITZ ETZANAK

Lepoan

2021eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Ikasi, milaka aldiz abestu, eta oso gerora jabetu nintzen zerbait bazela letra haietan kirrinkaren bat eragiten zidana. «Bidean anaia erortzen bazaik, lepoan hartu ta segi aurrera!». Ez zegokion krakatekoa genero ikuspegiari, horri buruzko iruzkinak ere irakurri izan ditudan arren. Askoz ere xumeagoa zen kirrinka. Gorputz-atalei eta euskalkiei zegokion. Nik, gaztetxotan, gipuzkera munduari begiratzeko talaia nagusi, eroritako anaia lepoan hartzen ikusten nuen gudaria, eta ez zitzaidan oso postura naturala iruditzen. Gerora jabetu nintzen oker nenbilela, bizkarrean hartzen ikusi behar nuela, letra idatzi zuenak lepo deitzen baitzion nik bizkar deitzen nionari...

Ahaztu dira orain bizkarrak, batek baino gehiagok berotualdiren bat hartuko zuen baina. Orain lepoa lepo da. Lepo lepoa. Duela urte bete pasatxo Ameriketan polizia batek George Floyd beltzari heriotza eragin arte bederatzi minutu luzez zanpatu ziona lepoa zen, ikusi ere ikusi ahal izan genuen eta.

Herenegun Arrotxapeko gaztetxearen inguruan sorturiko iskanbilan, lurrean zetzan gazteari lepoan jarri zion poliziak belauna. Poliziak ez du zalantzarik lepo edo bizkar. Poliziak ez du euskalkirik. Minik handiena non emango, itolarririk handiena non sortuko... hara joko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.