andoni egana
HITZ ETZANAK

Akabatu

2022ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Gurean Mutrikuko txosnetakoak bateko eta besteko hautsak harrotu dituen bitartean, antzeko inguru batean eta egun bertsuetan Donostian gertatu denak ez du aipamenik ere merezi izan. Eta larria izan da Donostiakoa ere.

Kantari bat hil dute. Estatubatuarra. Ezaguna oso. Iggy Pop izengoitia zerabilen. 75 urte zituen. Gauez Kursaalean kontzertua eskaini eta gauerdi aldera hil zutela susmatzen da. Jendeak ez zuen ordea albistearen berri izan hurrengo goizeko lehen orduak arte. Hala ekarri baitzuen gaztelerazko hedabide batek: «El concierto arrancó con la proyección de un teaser en homenaje a un fan del cantante fallecido». Alegia, kontzertua hasi zela hildako kantariaren jarraitzaile baten omenezko teaser batekin. Nik, zokormazo honek, teaser zer den jakiteko, bila ibili behar izan dut. Baina begi ona dut hildakoak eta bizirik daudenak bereizteko, eta jarriko nuke lepoa, albistearen arabera, hildakoa kantaria dela eta bizirik dagoena jarraitzailea.

Horrelakoetan jabetzen zara hizkuntza hegemoniko batean aritzeak ze abantaila dituen. Izen handiko kantari bat hiltzen duzu eta ez da ezer pasatzen. Ze ordea! Denek ulertu dute, ezta? Ez dira huskeriatan katigatzen. Ez dute premiarik. Guk, berriz, tentu handiz ibili behar dugu «k» bakar bat ere ez asesinatzeko...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.