Onintza Enbeita.
BIRA

Etxean

2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Irudiak ikuste hutsak bertara joateko gogoa kendu egiten du. Zortzi mila metrotik gora den mendiaren azken metroak ikusten dira jendez lepo. Munduko lekurik urrunenetakoa izan beharko luke, iristeko zaila, baina jende asko ikusten da irudietan tontorra ukitzeko ahaleginean doala. Denak ilaran txintxo-txintxo. Oporretan leku turistikoetara joaten omen garenok kritikatu gaituzuenok azaldu egin beharko diguzue ea zertan ari zareten zuen abentura bakanak hainbeste jenderekin konpartitzen. Edo hobeto: onar dezagun zuri aberatsak inbasore hutsak garela. Gehienok. Ikusten dugun guztia ukitu nahi dugu: lekuak, arropak, zuhaitzak, museoak, autoak, etxeak... Ez dakit egongo den europar zuriok baino ezer gogaikarriagorik. Oporren izenean derrigorrean bidaiatzen dugu, eta bidaiatzea arruntegia omen denean, demokratizatu egin nahi izan ditugu batzuek bakarrik egiten zituzten gauzak. Ez daukagu erremediorik: behin ukitzen edo zapaltzen dugun edozer, berdin du lekuak diren edo pertsonak diren, izorratu egiten dugu. Askotan pentsatzen dut ustez laguntzera goazenean ere dena inbaditzen dugula gure ohiturez, gure nagusitasunaz, gure lezioak eman beharraz. Garai batean Jaungoikoaren eta gaur egun telebistaren moduan, askoz ere hobeak eta probetxugarriagoak gara geure etxean gelditzen garenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.