Miren Amuriza.
BIRA

Galbahea

2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Sekulako arindua hartu dut berriz ere honetatik pasatu beharrik edukiko ez dudala jakite hutsarekin», ziostan urtarrilaz geroztik hezkuntzako oposizioetarako prestatzen aritu den lagun irakasle batek. Lanaldi osoko ordezkapen bat egiten eta karrerako apunteak memorizatzen ibili da harrezkero (testuak boz goran grabatu eta kotxean audioak entzuten joateraino); lautik hirutan tripetatik eraginda. Beste bati, artean hirugarren ebaluazioarekin gainez egitear zegoela, gutxi falta izan zitzaion negarrez hasteko tribunaletan egotea tokatu zitzaiola kontatu zigunean. Geroztik loa galduta hura ere: lan-kargagatik eta azterketen emaitza baxuengatik bezainbat, ezagun bati baino gehiagori suspenditu behar izan diolako eta, bera ere prozesu berberetik pasea izanik, hautagaiei sekulako belzkeria egiten diela sentitzen duelako. Ordea, biak datoz bat egunotan ahoz aho dabilen irakurketarekin: Jaurlaritzaren prozedurak apenas direla lagungarriak kandidatuak irakasle onak izateko gauza diren neurtzeko (ezagutza adina komunikatzeko gaitasun, adimen emozional, motibazio, grina... daukatenak); are gutxiago ikastetxeetako plantilak egonkortzeko, plaza ugari geratuko baita hutsik. Kasu honetan (ere) sistema jendartearen beharrak baino pauso bat atzerago doala, alegia. Eta hezkuntzan, izan atzerantz zein aurrerantz, pauso batek hamarren balioa dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.