Onintza Enbeita.
BIRA

Azaroa

2018ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Eguna laburtu egin da. Leihotik euriari begira egoteko egunak datoz: elurretan gure arrastoa uzteko egunak. Hartzak haitzuloetan daude. Jende arruntak berokia paparrean estutuz egingo du lanerako bidea. Eguerdiko eguzki epela ez da nahikoa izango kafesnearen ordez marianitoa eskatzeko. Ofizialki udazkenean gaude, baina psikologikoki neguan. Ezer ez da erabat hil, baina lotara joana da ia guztia.

Pertsonen artean ere halako barrura biltze bat igartzen ari naiz. Ez da berria, urteroko kontua da. Uda usaindu orduko maitemindu egin behar dugu ia derrigor, piztu eta poztu. Udaberriak odola haizatzen omen duenez, behartuta gaude horman gora ibiltzera. Neguan, ordea, lasai: mantapean sartu eta udako maiteminak gogoratzea baino ez zaigu geratzen. Ez nago ados urtearen banaketa horrekin. Nik neguan maitemintzen garenon kluba osatu nahi dut. Askoz ere errazagoa da hotzetan besteen gorputzetara hurbiltzea: atzamar izoztuak errazago mugitzen dira azalean esku izerdituak baino. Udako gehiegizko argiak nahastu egiten gaitu: edonork egin dezake eguzkitan disdira. Neguko ilunetan, ostera, antzeman egiten dira benetan argi egiten duten begiak: berokia, bufanda, eskularruak, jertsea eta barruko kamiseta jantzita dituzula ere, biluzi egiten zaituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.