Onintza Enbeita.
BIRA

Zuk nahi duzuna

2019ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Nora joango gara oporretan? Zuk nahi duzun lekura. Joango gara afaltzera? Hala nahi baduzu bai. Zein tabernetan hasiko dugu poteoa? Edozeinetan. Etorriko zara herriko jaietako kontzertura? Jendea egongo bada, bai. Ondo iruditzen zaizu ez dakit zein politikarik egin dituen adierazpenak? Zuri gaizki iruditzen bazaizkizu, ez.

Eta horrela etengabe.

Badago jendea ez duena egin nahi duenari edo benetan pentsatzen duenari buruzko iritzi argirik ematen. Beti daude prest, itxura batean, besteek nahi dutena egiteko. Egongo dira, ordea, izorratzen dituzten gauzak. Kontua da, beti isilik eta ustez konforme dagoen jendearen aurrean, iniziatiba hartzen duena seinalatzen dugula: agintzea gustatzen zaion jendea. Beti berak esaten du nora joan behar dugun, zer egin behar dugun, noiz elkartu behar dugun eta ez zaigu fidatzekoa iruditzen.

Nago, ordea, beti konforme dagoenaz gutxiago fida gaitezkeela. Askotan, agintzen ari den horrek, guztiok gustura egongo garen lekuak bilatzen ditu. Besteok joaten gara atzetik, eta itxura batean beti konforme dagoena hala ez badago taberna aldatzen dugu. Bizitzako beste edozein momentutara eraman dezakegu adibidea, eta ustezko konformistek isiltasunetik agindu egiten dutela ohartuko gara. Ezer ez baita dirudiena; ezta guregan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.