Onintza Enbeita.
BIRA

Garaiak

2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Gure garaian bestelako mugimendua egoten zen kontzertuetan. Gure garaian jende gehiago ibiltzen zen tabernetan. Gure garaian musikariek dena ematen zuten ezerren truke. Gure garaian parranda eta gero, lan egiten genuen. Gure garaian, gure garaian. Eta diot nik, bizirik bazaudete hau ere ez al da zuen garaia? Norbere garaia, norbera bizirik dagoen aldi osoa izango da. Gero, aldi horretan etapa desberdinak daudela eztabaida ezina da; baina garaia, bizirik gauden artean ez da amaitzen.

Asteartean gazte eta zoro ibili nintzen Kafe Antzokian (inguruan nituenak ni baino helduxeagoak ziren). Eztarria urratu arte kantatu nuen, eta nostalgiarik gabe sentitu nuen oraindik ere ez dutela gaurkotasunik galdu Hertzainaken kantuek. Nire ahizpa zaharraren erruz hasi nintzen ni Hertzainak entzuten, eta, gero, neure kabuz enamoratu nintzen Garik duen ez dakit zer horretaz. Eta Josu, ba, Josu da: bat eta bakarra. Pozik esango nioke berak ohi duen ligorkeria horietako bat asteartekoaz, baina ezin: mundiala zara, maestro.

Eta gero betikoa. «Onintza! Zu ere hemen?, eta harridura aurpegia. Gaztea zara gure aldean eta kantu hauek gure garaikoak dira». Ez, ez, ez. Kantu horiek zuen gazte garaian idatzi ziren, baina jendeak kantatzen dituen bitartean, garaikoak dira: kantatzen dituenaren garaikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.