andoni egana
HITZ ETZANAK

Bi

2018ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Ikasketa kontuan ez zuten asko estutu etxean. Anaiak bai. Anaiei errieta egiten zieten gurasoek eskolatik gorriz tindatutako kartilla etxeratzen zutenean. Ez zuten atarramentu onik izango ofizioren bati heltzeko adinako notarik ateratzen ez bazuten. Berari barkatu egiten zioten. Total, emakumea zen. Josten eta beste zerbaitetan ikasiz gero, nahikoa bizimodurako. Ezkonduko zen, osatuko zuen familia bat, eta etxea eramateko lain jakitea zen helburu bakarra.

Ezkondu zen. Osatu zuen familia. Baina garai eta mentalitate aldaketak harrapatu zuen bete-betean. Banandu zen. Etxetik kanpo ere lanean hasi behar izan zuen. Eta ez zuen behar hainbat tresnarik lanik gogorrenei, makurren ordainduei eta behin-behinekoenei ihes egiteko. Bizimodu jakin baterako hezi zuten, eta oso bestelakoa bizitzea tokatu zitzaion eta hala egitea aukeratu zuen.

Abuztua amaitu ahala urtean zehar sorturiko lanposturik gehienak galdu direla jakitean haiengana doa nire gogoa. Hirurogei urteren bueltan jada, kotizazio urteak eskas oraindik, taberna edo jatetxe bateko sukalde-zuloan erlojuak baino ordu gehiago sartu eta berriz ere lanik gabe geratu den emakume horrengana. Hezi eta bizi-k oso ongi errimatzen ez dutelako mundualdi bakarrean bi bizitza ezagutu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.