andoni egana
HITZ ETZANAK

Altxa

2018ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Erretzaileok badugu orain bentajatxo hori. Gainerakoak ohituak daude nola jaiki eta kanpora abiatzen garen ikusten. Inoiz baliatu izan dut aukera. Baina beti esparru pribatuan. Ez zaizu gustatzen entzuten ari zarena; eztabaidak bide gordinegia hartu du, eta konturatzen zara esan behar ez diren horietakoren bat esatera zoazela; esan aurretik, zigarro bat errez arnasa hartu behar duzula jabetzen zara… Eta kanporako bidea hartuko duzu bi hatzen artean zerbaiti eusten dionaren imintzioa eginez.

Ez dut gogoan esparru publikoan inoiz horrelakorik egin izana. Nahia bai, sentitu izan dut, bilera batetik jaiki, eta «hor konpon zuek! Nik ez dut ezer jakin nahi!» esanda alde egitekoa. Baina beti iruditu izan zait horrek nortasuna baino gehiago ahuldadea erakusten duela, besteren mixeriak beti baitira jasangarriak. Norberarenak besteren ahotan entzuten hastean sortzen da bene-benetako alde egiteko gogoa.

Elegantziaren definizio bat: «Edozein bileratan sartzean guztientzat oharkabean pasatzea eta aldegitean guztiak konturatzea falta zarela. Hori da elegantea izatea». Definizio horren bigarren zatiari helduta, Arantza Tapia sailburua oso da elegantea. Falta zela guztiak ohartu ziren. Galdetu, bestela, Navaleko langile batzordekideei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.