Onintza Enbeita.
BIRA

Judasen muxua

2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Gaur bezalako gau batean atxilotu omen zuten Jesus. Azken afaria egin zuen bere ikasleekin, eta haietako batek saldu egin zuen. Berak esan omen zien apostoluei bazekiela haietako batek saldu egingo zuela, eta, hala ere, haiekin eseri zen. Whatsapparen garaian pentsaezina da, baina orduan ez zen mahaiz eta lagunez aldatzeko hainbeste aukera izango. Judas izan zen saldu zuena: muxu eman omen zion orduko poliziaren aurrean, eta horrela jakin omen zuten zein hartu behar zuten preso. Duela bi mila eta hemeretzi urte gertatu zen, baina oraindik ere Judasen muxuek oihartzun beltza daukate.

Asko maite izan genuen emakume bat oso haserre etorri zitzaigun behin. Bere alabari bizitza izorratzen saiatu zen gizonak muxu bi eman berri zizkion kalean ikusita. Judasen muxuak hartu dituela esan zigun. Hara, konparazioaren ederra: amari muxu eman eta alabari bizkarretik labana sartu. Hori izan zen bere amarrua ia hogei urtean. Judasek ere atzamarrez seinala zezakeen maisua, baina nahiago izan zion muxu eman. Horrela, miresmena azaltzen arizelakoan, labankada galanta sartu zion bizkarretik.

Zein goxo hartzen diren muxuak, eta zein zaila den pentsatzea oste beltza ekar dezaketela. Baina albistegiek diotenez, muxu asko dira oraindik ere labankadaz lagunduta doazenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.