garbine ubeda goikoetxea
EGUZKI EPELEAN

Bide-seinaleak

2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Munduan bada jende azkarra; ikusi, pentsatu, analizatu eta erabaki, dena di-da batean egiteko gauza izanik, astirik galdu gabe aurkitzen duena aurrerabidea, baita egoerarik nahasgarrienean ere. Munduan bada, bestalde, jende motelxeagoa, literalagoa, lerro arteko mezu subliminalak nekez harrapatzen dituena eta lagunarteko berriketetan sarritan lotsagarri gelditzen dena, esan gabe doazenak —txistea ulertzeko giltzarri izan litezkeenak, hain zuzen— usaindu ere egin ez dituelako.

Bigarren multzo horretakoa naiz ni, eta errepidea dut Akilesen orpoa. Biribilguneetan zorabiatu egiten naiz —batzuetan, indar zentrifugoek atera arte aritu behar izaten dut bueltaka—; kalez kale, iparra galtzen dut —noizbehinka baita duintasuna ere—; eta autobideetan, berriz, pasa egiten naiz beti. Normalki, bide bazterreko seinaleak behar bezala irakurtzeko astirik izaten ez dudalako gertatzen zait, informazioa zaila delako, zenbaitetan kontraesankorra, edo errepikatuegia, edo CIAko txostenak baino enkriptatuagoa, edo nola hala itzulia, edo artifizialegia, nominalizatuegia, harrigarriegi... Zer esanik ez abuztuan, errepide guztiak batera zulatu, margotu edo konpondu behar izaten dituztenean eta desbideratzeak hain ezustekoak direnean.

Orain hurrena by-pass luze batean gertatu zitzaidan, Tolosatik atera eta berehala. Ilaran goaz, poliki. Panelean argitxo gorri bat keinuka ari zaidalako, Villabonan gasolina hartu beharra besterik ez dut buruan. Igo dut Anoeta aldeko malkarra, pasa dut Iruraranzko kurba, eta hantxe, makinaria astunak, neoiz jantzitako langileek eta metalezko hesiek osatzen duten lerroaren txokotxo batean, eskuz eginiko afixa inprobisatu bat, goian gasolindegiaren ikurra eta alboan azalpena duela: «Irteera bidezko sarbidea».

Arranopola. Zer kristo esan nahi duen hausnartzeko astirik ez eta hasi naiz sartzeko ateratzen edo ateratzeko sartzen, edo sartu eta atera biak batera egiten edo irteera sarbide bihurtzen edo sarbide bidezko irteerara bideratzen, edo batek daki zertan, baina afixak dioena zintzo demonio bete nahian behintzat, oso azkarra den horietako batek zein multzotakoa naizen gogorarazi didan arte: «Atsoa, tonbolan eskuratu al duzu gida-baimena?».

Lasarteraino joan behar izan nuen gasolina bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.