andoni egana
HITZ ETZANAK

Ajea

2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Nimesen zuten helmuga. 1950eko Frantziako Tourreko hamabigarren etapa jokatzen ari ziren. Egun hartan egin zen ospetsu Abdel-Kader Zaaf txirrindulari aljeriarra. Taldekide batekin ihes eginda zihoan. Hamasei minuturen aldea zuten tropelarekiko eta hogei kilometro baino ez zitzaizkien falta. Bero izugarria omen zen. Abdel-Kader Zaafek errepide ertzetik norbaitek emandako botila hartu zuen, egarbera. Ez zen ura. Ardoa omen. Zenbaitek dio hurrupa bakarra egin zuela eta, musulmana izaki alkoholik probatzen ez zuenez, trago bakar hark sekulako kaltea egin ziola; beste batzuek botila hustu egin zuela diote… Ziplo geratu zen, arbola-ipurdi bati berea erantsita, handik metro gutxira.

Abdel-Kader Zaafen «mozkorra» gailendu da egun hartakoaz. Gutxiagotan aipatzen da bere taldekide eta herrikide zen Marcel Molinès aljeriarrak irabazi zuela etapa. Lehen afrikarra Frantziako Tourreko etapa bat eraman zuena. Hurrengo egunekoa ere Custodio Dos Reis marokoarrak irabazi zuen…

Tourra herrialdeka jokatzen zen sasoi hartan, Frantziariotu zitzaion Espainia, Italia, Belgika…rekin batera bere lurralde ipar-afrikarretako selekzio bat ere gonbidatzea. Barre egingo zioten mozkorrari. Ajea handik lau urtera heldu zitzaien. Aljeriako liberazio gerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.