Onintza Enbeita.
BIRA

Urtea

2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Ezagutu genuen Gabonetako argiak abenduaren erditik aurrera pizten ziren garaia, eta izan zen sasoi bat urtea abenduan amaitzen zena. Azaroak ez du erdia jo, ordea, eta nire albokoa datorren urterako egutegia atondu nahian dabil. Nire agendak 2021eko zitak ditu abenduaren 31n apuntatuta, eta gure iloba txikia Olentzerori deika ari da etengabe. Ezin dugu tabernan kafe bat hartu, baina erakusleihoetako argiak keinuka ari zaizkigu dendetara sartzeko dei eginez. Nire beldurrik handiena ordenagailu bati klasea eman beharra dela esaten diedanean, barre egiten didate ikasleek, baina eurek urduritzen hasita daude. Otsailerako beranduenez, gaindituen eta gainditu gabekoen zerrendak argitaratuko dira, eta euren buruan, bihar dira Gabonak, etzi urtarrila eta etzidamu otsaila.

Ez dakit non galdu genuen urtea abenduaren 31n amaitzeko ohitura eder ura, baina nekagarria da hilabete bi luzetan agonizatu behar hau. Hil nahi eta hil ezinean dabilenaren gaixo kronikoaren antza dauka oraingo urteak. Berria hasteko antsietatearekin amaitzen dugu bizi dugun urtea, eta gero pentsatzen dugu urte zahar gauean lasaitasun promesak egiteak konponduko duela guztia. Arnasa hartu nahi nuke. Oraindik ere zerbait gelditzen zaio 2020ari, eta guztia ez du txarra izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.