Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Sen pandemikoa

2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Pandemia desberdinen menpe bizi garela uste izan dut behin baino gehiagotan, nire inguruko jendea neurrira egindako birus mota jakin banarekin ari dela iruditzen zait.

Gehienetan, solaskidearen pandemia nirea baino askoz samurragoa izaten da. Gaixotzea ia ezinezkoa da eta, gertatzekotan, egun gutxiko kontua baino ez da. Profilaxia ezezagunekin baizik ez da behar, aspaldi ikusi gabeko adiskide edo senidearekin ez gara ba maskararekin ibiliko! Eta zazpi egunen buruan sintomarik ez baduzu garatu, ez dago berrogeialdiari eusteko behar larririk. Zergatik ez ote dut nik ere horren birus onberagoa hautatu eta lasaiago bizi izan?

Beste batzuetan, ordea, hurkoaren birusa askoz larriagoa izaten da, kutsatzeko superbotere beldurgarriak ditu, oinetakoen zolan eta erositako ogian ataizean egoten da. Horien aurrean, horrelako sineskeriak hautatu dituen gizajoaz errukitzen naiz, hori bai bizitza alferrik korapilatzea!

Nago ez naizela pandemia pertsonalizatuen fenomenoa nabaritu duen bakarra. Eta ez naiz datu oker edo zaharkituak edukitzeari buruz ari. Gauza normala da oraindik ikertzen ari den gaixotasun berri batekin informazio gaurkotua beti ez izatea. Baina informazio zehatza eduki arren, batzuetan senak kontrako era batean jokatzeko esaten digu (neu ere aurreko bi taldeen artean jauzika ibiltzen naiz eta).

Intuizioa inguruan bildutako bizipenen bidez osatzen baldin bada, gaixotasun antiintuitibo honek dena hankaz gora jartzen digu. Antzeko buruhausteei aurre egin behar izaten diegu, esaterako, fisika modernoko fenomenoekin: fisika kuantikoari edo erlatibitateari esker jakin dugu naturak erabateko portaera antiintuitiboak dauzkala. Nola barneratu, adibidez, uhin-partikula dualtasuna, inguruan uhinak edota partikulak besterik ez baditugu eta inoiz ez biak aldi berean? Gure senak ezin gaitu hori ulertzen lagundu, inoiz ez duelako antzekorik ezagutu. Hura baztertu eta enpirikoki frogatuta dagoenarekin aurrera egin besterik ezin dugu egin orduan.

Lagun minak asteburuak parrandan eman eta gero, ezin serioago begietan begiratu eta esaten didanean: «Egon lasai, ni ez nago kutsatuta», senak laguna sinesteko oihuka diost belarrian. Baina buruak garai luze honetan ikasitako guztia gogoratu eta, asko kostata, pentsatzen du: «Hori... ez... ez dakizu...!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.