Onintza Enbeita.
BIRA

Kontatu digute

2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Kontatu digute, Gasteizen, izena ikasi orduko ahaztuko dugun karrikaren kantoian, gizon batek emaztea akabatu duela. Kontatu digute Gasteizen gertatu dela, baina gerta zitekeela Bilbon, Donostian, Maulen, Iruñean, Baionan edo Donibane Garazin. Kontatu digute gizonak bere burua garbitu duela emaztea hil ondoren, eta inork kontatu gabe ulertu dugu faktoreen ordenak asko alda dezakeela emaitza. Kontatu digute senarrak emaztea hil duela berriz ere, baina asko direla bizirik hilda daudenak. Kontatu digute gure ondoan ere egongo dela indarkeria matxista kasuren bat. Kontatu digute asteburuero heltzen dela neskaren bat etxera bortxatu izan balute bezala, nahiz eta gizartearen begietara eraso txiki bat izan den jasan duena. Kontatu digute kirola egiten duten emakumeei edozer esatea dela orain kirol nazionala. Kontatu digute ibiltzeko kontuz: gutxien espero dugun karrikaren kantoiaren norbait etor daitekeelako gure gorputzaren eske eta ez duelako ezetzik onartuko. Kontatu digute bizitza errealean Txanogorritxuk eta otsoak elkarrekin lo egiten dutela. Kontatu digute nahiago gaituztela zaurgarri eta biktimizatuta.

Kontatu behar genieke nazkatuta gaudela, ez dugula gehiago jasango, eta beti ez garela biktimak gu izango. Mundua era horretan aldatu ahal izango dugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.