andoni egana
HITZ ETZANAK

Hamahiru urte

2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Aitona bat, Peter Edwars, Galesko joko-etxe batera azaldu zen. 2000. urteko urtarrila zen, eta apustu egin nahi zuen. Hiru urteko bere biloba Harry baietz noizbait Galesko futbol selekzioarekin jokatzera iritsi. Oinez ez zekiela hasi zela baloi baten atzetik lau hankan; zutitzen asmatu zuenean ez zuela buruan baloia beste konturik; baloia astintzeko gai izan zenean berdin-berdin moldatzen zela ezker-eskuin. Apustu-etxekoek irribarre maltzurra egin zuten. Aitona txotxiatu bat bere biloba besterik ikusten ez zuena... Baldintza onak eskaini zizkioten.

2013ko urrian, Gales-Belgika partida batean, Galesko hautatzaileak bi aldaketa eginak zituen. Hirugarrena egitean, 16 urteko Harry Wilson gaztea zelairatu zuen. Hamahiru urteren buruan, aitona Peterrek 148.000 euro irabazi berri zituen...

Bihozkadak ez dira beti hain ongi burutzen. Jokoak arriskutik gehiago du errentatik baino. Erkidegoan, jokoa murrizteko helburua duen lege berria abian da. Bestalde, Urkullu lehendakaria entzun berri dugu eskumenen transferentzia ezaz kexu, adibidetzat futbol selekzioaren ofizialtasuna ipiniz. Bi hari-muturrak lotuz, erronka jo daiteke: baietz hamahiru urte barru EuskalSelekzioak ofizialtasuna izan. Erronkak erronka, apustua,hartuko al zenukete?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.