andoni egana
HITZ ETZANAK

Legea

2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Tupustaldi asko eta luzeak izan zituzten. Ez zuen ama maite. Zoratuta zegoela esaten zuen egun onetan. Txarretan, mihia pozoi, «es una hijadep...» esatera iristen zen. Ez dakit zerk trakestuarazi zituen. Dakidana da benetakoa zela alabak amari zion herra. Alargundu eta urte batzuetara bizitzera Zaharren Egoitzara jo zuenean, hiru-lau urtean bi-hiru aldiz baino ez zuen bisitatu. Baina maitatzen bazekien. Bere txakurra oso zuen maitea. Ama zendu zitzaiola jakin eta doluminak ematera joan nintzaionean, ez nion nahigabe handirik sumatu. Berak aitortu zidan: «Askoz ere min handiagoa hartu nuen Xerpa hil zitzaidanean».

Zeremoniak egiten zekiena, oso etxeko zuten Mizifus katua, lehen biloba, maiorazkoa, heldu zenerako. Katua ez zen, nonbait,jaioberriaren iritsierak familian sortu zuen pozaren partaide izan. Gune izatetik ertz izatera pasatu beharrak zeloak sortu zizkion. Pare bat aldiz harrapatu zuten sehaskara igo eta haurrari jauzi egiteko imintzioan. Aitonak hartu zuen erabakia. Berak maite zuen gehien katua, baina zaku batean sartu, harriak erantsi, eta itsasora jaurti zuen.

Hirurogei urteko tartea duten bi egiazko pasadizo. Etxe-animaliei buruzko lege berria onartu duten honetan, ez noa azalpenik eta iritzirik ematera. Inor ez mintze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.