andoni egana
HITZ ETZANAK

Hogei minutu

2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Beroa ez da ikusten; sua bai. Beroak nekez hiltzen du; suak aisa. Telebistako informatiboek lehen hogei minutuak loturik dauden bi gai horiei eskaini dizkiete azken egunotan. Gehitxo. Ez baita ikusten berorik. Horregatik, irudirik gehienak pistina, erreka-putzu eta itsasertzekoak izaten dira. Eta elkarrizketatuek gauza bera berresten dute. Bero izugarria, —ZIUgarria esatea inori ez zaio otu— egiten duela, alegia.

Beroari buruzko berriek gogaitua, suteenak iristean arnasaldia sentitzen duzu. Berriagoa da sua beroa baino. Sua beti desberdina baita. Suak bai baitu begiradak luzaroan tinkarazten dituen zerbait. Sua mugitu egiten baita. Suak arriskua baitakar. Suak ingurunea aldatzen baitigu...

Eta, halere, edozein irudik baino gehiago hunkitu nau egunkari bateko ertz-ertzeko notizia labur batek. Zamoran, Ferreruela de Tábara herriko Escober de Tábara auzoan, Raya de los Pozones deritzan parajean, 69 urteko artzain bat aurkitu dute artaldearekin batera, kiskalita. Ezlekua dirudi hiltzeko. Edo ezlekuen matrioxka bat. Ezgaraia dirudi hiltzeko, lanerako aski zahar baina bizitzarako aski gazte. Ezmodua dirudi hiltzeko... Bitartean, pantailan, Gamarrako pistinetatik, «hiltzeko moduko beroa egiten du» ari zaigu gazte bat mikroa eskuetan duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.