andoni egana
HITZ ETZANAK

Kontzertua

2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Duela hiru-lau urte gertatu zitzaidan. Urte sasoi hau zen. Banentorren gauerdia pasatuta etxera bueltan. Trafikoa ez zen egun hartan ikaragarria. Baina Zarautza iristen ari nintzela jabetu nintzen zerbait gertatzen zela. Auto asko Donostia aldera hasieran. Peajean, sekulako txanda herritik irten nahi zuten autoek sortua. Herri sarrerako biribilguneak lepo, noiz-nork auto-muturra sartuko. «Badoan herri bat» zen gurea. Ia hauteskunde kanpainetako leloa zirudien. Ikaratzera heldu gabe, kezkatu egin nintzen. Banekien meteorito bat ez zela erori, baina...

Gerora jakin nuen hondartzako malekoian Los 40 principales-ek antolaturiko kontzertu bat izan zela, milaka lagun bildu zituena. Eta jabetu nintzen auto haiek nerabeen bila joandako gurasoenak zirela, etxera bueltan. Oro zitzaidan arrotz. Kontzertua, antolatzaileak, artista parte hartzaileak, nerabe eta gaztetxoak, gurasoen zaintza modua... Baina Euskal Herri hori ere badela ikasi nuen.

Gaur da —zuentzat bart— aurtengo kontzertua, betiko lekuan. Abraham Mateo, Walls, Belén Aguilera, Depol... Deus esaten ez didaten izenak. Ez naiz malekoira joango. Joango naiz, gauerdia pasatuta, herriko irteera gunera. Bestelako Euskal Herri hori nola joaten den ikustea espektakulu zirraragarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.