Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

Balio eta adio

2022ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Irailaren atarian, urtarrilaren eta udararen hasieran bezalatsu, helburuak jartzeko joera izaten dugu. Inoiz gutxitan betetzen ditugunak izan arren kontzientzia lasaitzeko baliagarri direnak. Eta horretan ari naiz ni ere. Irakurleei adio esatearekin bat, udazkenetik aurrera etor daitezkeen eskariei ongietorria zer-nola egin pentsatzen. Aurreikuspen zehatzak egitea dut xede; anbiziotsuak iruditu arren betetzeko gai naizela iruditzen zaizkidanak.

Horietako bat nire lanari balioa ematea da. Eskatzen duenak eskaintzen ere jakin behar duela deritzot. Beraz, nigana datozen eskariei baiezkoa emateaz gain esker ona jasotzeaz ere arduratu behar dut. Norbere burua zaintzea ezinbestekoa da frustrazio eta ernegu antzuetan erori nahi ez bada.

Ni bezalako sortzaileok badugu ondo kudeatzen asmatzen ez dugun galdera mamu bat. Ahalduntze ariketa izugarria eskatzen didan itaun bat da. Eskatzen duenak eskaintzen duenari ezinbestean galdegin beharrekoa era berean. Baina galdera hori egiten duten bakoitzean ostrukaren moduan burua lurpean sartzeko gogoa eragiten didate. «Zenbat kobratzen duzu?». Edo «zenbat zor dizut?».

Ematen edo lan egin duenari ordainsari duina iruditzen zaiona, garestiegi iruditzen zaio ordaindu behar duenari. Non dago oreka? Prezioa gehiegi puztu nahi ez, eta lanaren balioa hustu. Horixe egiten dugu hain justu. Eta hau dena moduren batera eskertzeko asmoa agertzen dutenean. Askotan ez baitago ez intentzio eta ez galdera.

Beti adibide berdintsuak jartzen ditut baina esanguratsuak iruditzen zaizkit oso. Ezkontzetarako egiten ditugun bertsoen balioa zein da? Ospakizunera bertara kantura joatea gauza bat da. Pergamino batean idatzitako bertsoak idaztea bestea. Ados, baina ohartzen ote gara egun berezi eta handi horietan xahutzen den diruaren dimentsioaz? Soinekoa neurrira egokitu dien jostunari inoiz ez diogu galdetzen zenbat kobratuko digun. Are gutxiago ile-apaindegiko langileari. Gutun azal zuriaren barruan zenbat sartu ere adostuta dago.

Ezkontzen aferarekin zerikusirik ez duen arren, bertsolariontzat bada esanguratsua den beste adibide bat ere. Ezkonberriak bezala hilberriak ere ez ditugu ezagutzen askotan. Mugikorretik eskaria jaso, eta presazko eginbeharra izaten denez, askotan esku artean duguna utzi eta bertsoa osatzen jartzen gara. Eskeletako bertsoez ari naiz, bai. Nik ez dut inoiz eskela-bertso batengatik ezer eskatu, ezta asmorik ere. Baina ohartzen ote gara eskela horren mamia gure hitzekin osatzen dela? Inoiz jarri al gara pentsatzen premiazkoa den bertso edo testu horregatik ez dugula deus jaso? Eskelen balioa eta prezioa zenbatekoa diren gogoeta egin dugu?

Aipatu ditudan adibideak egunerokoan sortzaile batek izan ditzakeen eginbeharren lagin bat baino ez dira. Kanporatzeak eta elkarbanatzeak ere balio omen du terapia egiteko eta... udazken on!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.