andoni egana
HITZ ETZANAK

Borrokak

2022ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Igande arratsaldeetako dantzaldiaren atseden unea baliatzen zuten hitzartutako lekuan borrokaldi bat egiteko. Gure herrian, plazatik hondartzara joaten ziren borrokan aritzera. Herri batekoak beste batekoen aurka; kuadrilla batekoak beste batekoen kontra... eta ikusle mordoa. Mutur-joka aritzea nahiko kontu normalizatua zen. Boxeolariak hedatu berri ziren telebista pantailetako izar nagusi ziren, eta haien imitazioz jokatzen genuen umeok ere, esku-narru faltan ukabiletan etxeko toallak bilduta. Inork ez zigun esaten hori gaizki zegoenik, inongo saltsatan ez sartzeko behin eta berriz aholkatzen ziguten, baina.

Berrogeita hamar urtean lan handia egin dute hezitzaileek gatazkak modu baketsuan konpondu behar direla irakatsiz. Muturrak ez ezik, mihiak ere zaindu egin behar dira orain. Doako minik ez ematea balio nagusitzat daukagu, zorionez.

Baina, dirudienez, kaleko borrokek gorantz egin dute azkenaldian. (Bidenabar esanda, herri bihurgunetsua da gure hau. Kale eta borroka hitzekin bakar bat osatzen baduzu gauza bat ulertzen da, eta kale hitzari atzizkia eransten badiozu, oso bestelako zerbait). Labanak aipatzen dituzte. Aiztoak. Zauriak. Mende erdi batean hainbat hezitzailek egindako lana zeinen nekez itsasten den, eta zeinen erraz deuseztatzen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.