Onintza Enbeita.
BIRA

Hurrengo eguna

2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Gaur memoriaren hurrengo eguna da. Bueno, hobeto esanda, Memoriaren Egunaren hurrengo eguna. Gure gizarteari justizia gehiago egiten dio, hala ere, memoriaren hurrengo egunak. Atzo hildako asko gogoratu ziren, edo genituen: telebistan, irratian, egunkarien bertsio digitaletan, sarean... Kontakizun guztiak dira latzak. Barrikadaren alde batean zein bestean egon, norbaitek inguruko bat nola hil dioten kontatzen duenean zaila da lasai eustea. Izan ere, maite zuen hori galdu zuenak esperientzia pertsonala kontatzen du, bere dolu, amorru eta min guztiekin. Irakurketa politikoak distantziatik egiten dira, eta egin behar dira, baina han ondoan daukazunari nola esan zuk defendatu egin duzula berari gehien maite zuena kendu zion hori?

Kontua da atzo memoria egiteko eguna izan zela. Beti bezain herren jarraitzen du biktimen errekuentoak, baina atzo hori ere ezin zitekeen esan. Dena lore eskaintza, kale izen eta maitasun. Gaur zer, ordea? Zenbat ahalegin egiten dute gure agintariek, benetan eta zintzoki, biktima guztiek elkar topatu dezaten? Ze aukera daukagu batzuek eta besteok sentitzen duguna lasai esateko? Noiz hasi behar dugu biktimak zenbatzen, behingoz, benetan zenbat izan diren jakiteko? Memoriaren hurrengo egunean, memoria bete galdera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.