Onintza Enbeita.
BIRA

Azokak

2022ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Joaten naizen leku gehienetako azokak ikusten ditut. Asko esaten dute lekuei eta jendeari buruz. Balearreetako irla batean izan naiz. Betiko azokara joan ginen: egunero ireki daitezkeen postu dotoreak, denda txikien antzerakoak. Tomate txorta bat erosi genuen hainbat galdera eginda: batez ere, nola kordatzen ziren jakin nahi nuen. Piperrak kordatzera ohituta nago, baina tomateak ikusi gabe neuzkan. Emakume atseginak ziren saltzaileak, baina azalpenik ezin eman: «Gu ez gara baserritarrak». Eta hizketan hasi ginen. Harritu egin ninduen turismoaren aldeko erabateko diskurtsoak: kanpoko jendeari esker bizi gara edo antzerako zerbait esan ziguten.

Hurrengo egunean azoka ekologikora joan ginen. Astean behin jarri eta gero bildu egin behar diren mahaiak: guk Gernikan ditugunen antzerakoak. Barazki asko, baina garaikoak bakarrik, eta ez bereziki distiratsuak. Hori bai, eskola-ume batzuk zebiltzan han bueltaka eta baserritarrek azalpenak ematen zizkieten. Hartu azenarioa eskuan eta umeei erakutsiz: «Azenario hazia oso txikia da; beraz, kontu handia izan behar da. Sakonegi sartzen baduzu, ez du argirik hartzen eta ez da ernaltzen». Seguru nago turismoari saltzea baino interesgarriagoa egiten zitzaiela etorkizunari azalpenak ematea. Eredu bi. Gurean ere nabarmen bereizi ditzakegunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.