andoni egana
HITZ ETZANAK

Bi aste beti

2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Umetan aitortzera joan izan nintzen. Ikastolatik ere joaten ginela esango nuke. Apaizak, aitortza lekura iritsi ahala, beti egiten zizun galdera zen: «Zenbat denbora da aitortu ez zarela?». Eta, nik behintzat, lehenengo hitzetik gezurra botatzen nuen, errietaren beldur. Beti gutxiago. Bost aste baziren, «bi aste» erantzungo nion. Nire umean, konturatzen nintzen horrela hasiz gero joan-etorri hark ez zuela ezertarako balio...

«40 urtetik beherako zenbat gara, ba, psikologoarengana inoiz joan gabeak?», bota zidan lehengoan adiskide batek. Ongi egin zuen adina zehaztea. Ni naiz bat inoiz joan ez dena. Akaso, badakidalako apaizarena egingo niokeela psikologoari ere. Hasieratik egia osoa esan ez, badaezpada.

Auto orok duen ospe onaren garaiotan —autokonfiantza, autogobernua, autoantolaketa...— profesionaletara jotzeko zenbateko ohitura hedatu den frogatzea bitxia behintzat bada. Psikologoa, podologoa, endokrinoa, fisioa, azal-garbitzailea, masajista, kirol-entrenatzailea, petrikiloa, jostorratz sartzailea, nutrizionista... Zenbat eta sakonagoko sakela, orduan eta zerrenda luzeagoa. Dendaz dendakoa baino kontsumo modu zeharkakoagoa azken batean. Ondoezik txikiena ezin eramana bada ongizatea, ez gabiltza ederki.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.