Miren Amuriza.
BIRA

'La vita è bella'

2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Gizateriaren Ondare izendatutako leku gehien dituen herrialdea eta munduan gehien bisitatuetan bosgarrena omen Italia; garai batean burgesia europarraren destino kuttuna izan zena, Afrika iparraldeko desplazatuen helmugarik behinenetakoa gaur egun. Ordea, Matteo Salvini barne ministroak egunotan gogorarazi dienez, hango portuak itxita daude iheslariak daroatzaten barkuentzako (Aquarius eta Lifeline errefusatu dituen azkenetakoak), eta migrante gehiago ez hartzekotan ez eze, dagoeneko herrialdean dauden asko botatzekotan dira. Asmo horien karietara proposatu zuen, lehengo astean, Italian bizi diren ijitoen errolda osatu eta paperik gabe dauden guztiak kanporatzea. Kritika oldea iritsi zitzaion, noski, alderdi zein gizarte eragileengandik; ijitoen eskubideen defentsan diharduen elkarte batek adierazi zuen lez, ijitoei buruz barik juduez hala mintzatu izan balitz, egundoko gatazka diplomatikoa leherraraziko baitzuen ministro ultraeskuindarrak.

Judua eta italiarra zen, hain justu, Guido Orefice (La vita è bella-ko protagonista). Askok izango du gogoan holokaustoa hasi aurretxoan, berdez markatutako zaldi zuri baten gainean (Achtung!! Cavallo ebreo) bere Doraren bila joan zenekoa; Navona plazan gelato bat jaten duen bitartean plazer txikiak aldarrikatu eta Bizitza (maiuskulekin, unibertsala) ederra dela berretsiko duen bisitariak seguru baietz. Aurtengo udan errekorrak gainditzea espero dute turismoaren 4,8%ko igoerarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.